Iñaki Bilbaok bisitak eskuburdinik gabe izatea onartu du Puerto III-ko Kartzela Zuzendariordeak

Iñaki Bilbao Lezamako preso politikoak pasa den ostegunean izan zuen Puerto III espetxeko Segurtasun Zuzendariordearen bisita. Hala, atxiloari duela egun batzuk ezarri zioten neurria, bisitetara eskuburdinak jarrita ateratzea, bertan behera utzi dutela jakinarazi zion. Izan ere, neurri hori zela eta, bisitei uko egitea erabaki zuen Bilbaok.
Argazki Nagusia
Argazkia: AAEAM
2019ko ekainaren 10a

Iñaki Bilbao lezamarrak ez du eskuburdinik eraman beharko bisitetara ateratzean. Duela egun gutxi jakinarazi zion kartzelako Segurtasun Zuzendariordeak eskuburdinak jarrita atera beharko zuela. Neurri horren aurrean, bere bisitei uko egitea erabaki zuen preso politikoak. Azkenean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak larunbatean jakinarazi zuenez, neurria bertan behera utzi dutela esan dio Segurtasun Zuzendariordeak, iragan ostegunean.

"Segurtasun aitzakiak"

Iñaki Bilbaok 35 urte baino gehiago daramatza atxilo, azken 12 urteak, Puerto III presondegiko isolamendu moduluan. AAEAM-ek azaldu duenez, bisitetara eskuburdinekin lotuta ateratzeko neurria hartzean, "segurtasun aitzakiak" erabili zituen kartzelak.

Galeria bakoitzean, bideo-zaintzarako bi kamera daude, eta galeriatik galeriara joateko pasabideak ere eguneko 24 orduetan kontrolatzen dituzte: "Inoiz ez dago kontaktu zuzena kartzelarien eta presoen artean, beti dagoelako euren artean ate, hesi, kristal blindatu edo burdin sareren bat (irristailu-atea), bisitetara joaten direnean salbu, hainbat kartzelarik lagunduta baitoaz".

AAEAM-en hitzetan, erakutsitako jarrerarekin, Puerto III espetxearen aurkako "borroka irabazi" du lezamarrak.