Polizia-geldialdi bortitz eta arrazistak salatu dituzte Bilbon

Ostiralean, polizien etengabeko geldialdiak salatu zituzten dozenaka manifestarik, "arrazistak", "bortitzak, biolentoak eta neurriz kanpokoak" izateagatik. "Geldialdi eta sarekada arrazista bakoitzean, kriminal egiten gaituzue. Miaketa arrazista bakoitzean, kalean umiliatzen gaituzue. Geldialdi arrazista askotan, eraso egiten diguzue", adierazi zuten protestan bildutakoek. Konfinamendu garaian Poliziaren bortizkeria eta atxiloketa arbitrarioak salatu zituzten Bilboko San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan.
Argazki Nagusia
Marzana moilaren inguruetan ere izaten dira geldialdiak. Argazkia: Mbolo Moye Doole
2020ko ekainaren 30a

Aurreko ostiralean, hilak 26, elkarretaratzea izan zen Bilboko (Bizkaia) Marzana moilaren inguruetan, polizia-geldialdi "arrazista", "bortitz, biolento eta neurriz kanpokoak" salatzeko. Baye Fall Bilbao kolektiboak deituta, dozenaka pertsona bildu ziren protesta egiteko.

"Geldialdi eta sarekada arrazista bakoitzean, kriminal egiten gaituzue. Miaketa arrazista bakoitzean, kalean umiliatzen gaituzue. Geldialdi arrazista askotan, eraso egiten diguzue", salatu zuten manifestariek. "Edozein unetan gelditzen gaituzue, zuen begietara beti baikara susmagarriak", gaineratu zuten. Besteak beste, lanera edota ogia erostera joatean poliziek geratzen dituztela salatu zuten; baita seme-alaba adingabeekin daudenean ere.

"Nahikoa da polizia-geldialdi arrazistekin: kalean, gure auzoetan, hemen Marzanan", nabarmendu zuten.

Bortizkeria Bilbon

Konfinamendu garaian Poliziaren bortizkeria eta atxiloketa arbitrarioak salatu zituzten Bilboko hainbat auzotan, esaterako, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan. Tartean, sona handia izan zuten San Frantziskon ertzainek gazte bati eta haren amari egindako eraso bortitzak, edota San Frantziskon bertan eta Bilbo Zaharrean etengabe zenbatutako isun eta identifikazioek.

Adierazi zutenez, alarma egoera hasi aurretik ere halako egoera bortitzak jasan behar izaten zituzten auzokideek, asko, migratutako pertsonak.

- Argazkiak: Mbolo Moye Doole