AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxerat
2019/12/02 13:33

Bart eraso egin diote Etxerat preso eta iheslari politikoen senideen eta lagunen elkarteak Gasteizen (Araba) duen egoitzari. Azaldu dutenez, atzo goizaldean aurkitu zituzten ikur naziak (svastikak), lokalaren kanpoaldean. Erasoa salatu du Etxeratek, eta azaldu du preso, iheslari eta deportatuei babesa eta sostengua emateko jardunean etengabeko "zailtasun eta oztopoak" jasan behar izan dituztela orain artean ere, erasoak barne.

Dena den, "ondoeza eta ezinegona sortzeko helburuarekin" egindako eraso horiek ez dutela euren lana "geldiaraziko" esan dute, eta berretsi egin dira euren konpromisoan; "asistentzia, aholkularitza eta laguntza" ematen jarraitzeko.

Etxerateko kideei "elkartasuna" adierazi die Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak: "Gaur egun Etxeratekin mantentzen ditugun ezberdintasun ideologiko argiak, alde batera gelditzen dira horrelako erasoak salatzerako orduan. Ez bakarrik nazismoa eta faxismoa akabatzeko borrokarekiko dugun konpromisoagatik; baita eraso horren atzean dagoenagatik ere. Faxistek preso politikoekin zerikusia daukan orori egingo liokete eraso, eta hortxe ez dute gutako inoren artean ezberdintasunik egiten".

Hala, nabarmendu dute "ez dagoela elkarbizitza posiblerik gure eskubideak errespetatzen ez dituztenekin", eta "zapalkuntzaren aurrean borroka egitea zilegi dela".