Pertsona bat hil da Gasteizen, zabor artean bila zebilela

Gasteizko Jundiz biokonpost zentroan hildako pertsona bat aurkitu zuten iragan asteartean. Hipotesi nagusiaren arabera, edukiontzi batera sartu zen zakar artean objektuak bilatzera. Oraindik argitu ez dituzten arrazoiak medio, zabor-kamioi batean amaitu zuen, eta gero, Jundizko planta batera mugitu zuen kamioiak.
Argazki Nagusia
Jundiz biokonpost zentroa, Gasteizen.
2020ko otsailaren 14a

Asteartean, hilak 11, hilotz bat agertu zen Gasteizko (Araba) Jundiz biokonpost zentroko zinta garraiatzailean. Ikerketa lanak martxan jarri ostean, duela bost hilabete Gasteizera migratu zuen pertsona bat zela jakin zuten. Alokairuko "etxebizitza-patera" batean bizi zen, Zaramaga auzoan, 8 metro karratuko gela batean.

Heriotzaren zergatiak guztiz argitu ez badituzte ere, hipotesi nagusiaren arabera, bigarren eskuko dendetan saldu ahal izateko objektu bila sartu zen edukiontzi batera. Arrazoi ezezagunak medio, zabor-kamioi batean amaitu zuen, eta gero, Jundizko planta batera mugitu zuen kamioiak. Zinta garraiatzaileak eraman zuen gorpua.

Urteko hirugarrena

Kasu honekin, hiru dira antzeko baldintzetan aurten Euskal Herrian hil dituzten pertsonak. Urtarrilaren 3an Donostiako (Gipuzkoa) kutxazain batean aurkitu zuten pertsona etxegabetu baten gorpua, eta urtarrilaren 12an, beste pertsona bat topatu zuten hilik Durangon (Bizkaia), baldintza berdinetan.