Patxi Ruiz preso politikoak bigarren eguna egingo du gose eta egarri greban

Atzo ekin zion gose eta egarri grebari Patxi Ruiz preso politikoak. Zuzendaritzaren, modulu buruaren eta kartzelazainen mehatxuei eta erasoei erantzuteko heldu dio borrokaldi berri honi, salaketa modura. Murtzia II espetxeko 8. moduluko presoek protestak hasi zituzten aurreko astean, haien eskubideen defentsan zenbait aldarrikapen egiteko, eta horren harira, berriz jazarri diote Ruizi. Ez da preso politiko txantrearrak jasan behar izan duen oldarraldi bakarra.
Argazki Nagusia
Lizarra. Argazkia: @joanikot
2020ko maiatzaren 12a

Atzo, maiatzak 11, gose eta egarri greba mugagabea hasi zuen Patxi Ruiz preso politikoak. Murtzia II espetxeko 8. moduluko presoek haien eskubideen defentsan abiatutako borrokaldiaren harira, zuzendaritzak, moduluko buruak eta kartzelazainek mehatxu eta eraso egin diote Ruizi: protesten "buru" izatea leporatuta, ondorioak jasango dituela esan diote, besteak beste.

Preso politiko txantrearrak erantzun irmoa eman du mehatxuen aurrean: babes judiziala eskatzeaz gain, ebakiak egin zituen besoan hilaren 9an, eta atzo, gose eta egarri greba hasi zuen. Bigarren borroka eguna du gaur.

ERASO ETENGABEAK

Honakoa ez da preso egonik Ruizek bizi behar izan duen aurreneko erasoa. Iazko abenduaren amaieran ere espetxezain batek "euskal preso politikoekin eta preso arabiarrekin" zuen "etengabeko jarrera erasokorra" salatu zuen, eta protesta modura, ebakiak egin zituen bere besoan.

Beste adibide bat da 2018ko udan aita ikusteko eskubidea ukatu izana. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak eta Txantreako (Iruñea, Nafarroa) hainbat auzokidek salatu zutenez, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak atzera bota zuen aita bisitatzera joateko baimena, zeinak gaixotasun larri bat zuen eta denbora luzez ezin izan zuen kartzelara bertaratu semea ikustera.

Gero, gainera, Ruizek aita bisitatu ahal izateko baimena onartu zutenean, Espainiako Poliziak emandako tratu umiliagarria salatu zuten. 2018ko irailean eraman zuten Txantreara, familiaren etxera, aitarekin ordubetez egon zedin. Jakinarazi zutenez, poliziek oztopoak jarri zituzten preso politikoaren ama ere haiekin batera egon zedin (aita ezinduta zegoen), anaiei ez zieten etxean egoten utzi, eta Ruizi ez zizkioten bisita osoan eskuburdinak kendu. Hori gutxi balitz, bisitan eserita egon zen denbora guztian, polizia bat izan zuen alde banatan, kontaktu fisikoan.

Etxearen kanpoaldean Ruizen hainbat lagun bildu ziren babesa adierazteko, baina mehatxu egin zien Espainiako Poliziak, eta bisita amaitu eta presoa etxetik atera zutenean, gogor bultzatu zituzten.

Kartzelan bertan ere espetxezainen tratu umiliagarria jasan behar izan zuen txantrearrak: oihuka hitz egin zioten, "El señorito" adiera erabilita zuzentzen ziren harengana, abokatuari hots egiteko oztopoak jarri zizkioten, eta ez zuten patiora atera nahi izan.

Preso politikoak atzo hasitako grebaren harira, bideo bat argitaratu zuen AAEAMek. Bideoa ikusteko, egin klik hemen