Parisko Dei Auzitegiak onartu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabalen aurka egindako euroagindu eskaera

Erabakiaren ebazpenaren berri emateko data hiru aldiz atzeratu ostean, Frantziako Justiziak baiezkoa eman dio Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkezturiko euroagindu eskaerari. 1995. eta 1996. urteetan gertatutako hiru ekintza armaturen harira epaitu nahi dute Madrilen. Bestalde, Iñaki Retaren deportazioa aztertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak datozen orduetan.
Argazki Nagusia
Iratxe Sorzabal.
2019ko urriaren 10a

Parisko Dei Auzitegiak gaur jakinarazi du ebazpena: onartu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabalen aurka egindako euroagindu eskaera. 2001. urtean atxilotu zuten Sorzabal, eta gerora salatu bezala, torturapean deklaratu zuen. Irungo (Gipuzkoa) presoaren defentsak Istanbulgo Protokoloan oinarritutako froga psikologiko eta fisikoak aurkeztu bazituen ere, Parisko Dei Auzitegiak ontzat eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak argudiaturiko autoinkulpazioa. Sorzabalen abokatuak iragarri du helegitea aurkeztuko dutela.

Beste bi estradizio eskaera onartuta

Behin Espainaratuta, 1995. eta 1996. urteetan gertatutako hiru ekintza armaturengatik epaitu nahi dute Sorzabal. Aipatu bezala, 2001. urtean Sorzabalek deklarazioan egindako autoinkulpazio aitortzan oinarrituta egin du euroagindu eskaera Espainiako Estatuak. Aurretik ere beste bi estradizio eskaera onartu dizkio Frantziako Justiziak Espainiako Justiziari, Sorzabalen kasua dela-eta.

Iñaki Retaren deserritzea mahai gainean

Bestalde, datozen orduetan aztertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iñaki Retaren aurkako euroagindua. Hain zuzen, Retaren deportazioa eskatuko dute, eta azaroaren 20an emango dute ebazpenaren berri.