Otsailaren 27an jakinaraziko dute Ibon Fernandez Iradiren zigor etete eskaeraren ebazpena

Azaroaren 12an, Fernandez Iradi aske uztea hobetsi zuen Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen. Atzo aztertu zuten berriro auzia, eta otsailaren 27an jakinaraziko dute ebazpena. 2003. urtean atxilotu zuten preso politiko lasartearra, eta esklerosi anizkoitza du.
Argazki Nagusia
2020ko urtarrilaren 14a

Azaroaren 12an onartu zuen Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi preso politikoaren zigor etete eskaera. Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, baina, eta atzo aztertu zuten berriro auzia. Fernandez Iradiren abokatuak azaldu duenez, otsailaren 27an jakinaraziko dute epaia. Atzoko saioan, beste mediku azterketa bat egiteko eskatu zuen fiskaltzak; presoa azterketa bat egitera behartzen duten bosgarren aldia izango da.

Larriki gaixorik dago Fernandez Iradi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971); esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2012. urtean. Lanemezango (Okzitania) espetxean dute preso, eta hamasei urte daramatza giltzapean.

Duela bost urte hasi zuen, pairatzen duen gaitz larria zela-eta, haren aurkako kartzela zigorra eteteko borroka. Hainbat bide judizial jorratu baditu ere, momentuz, ezezkoak eta prozesuen luzaketak izan dira justizia administrazioaren erantzunak, urriaren amaierako ebazpenaren atzeratzea kasu. Senideen esanetan, "hainbat argudio tekniko" erabili izan dituzte Fernandez Iradiren aurka, "etsipena eragin asmoz".