AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Guaixe
2019/07/11 19:10

Apoyos Metalicosek Olaztin (Nafarroa) duen lantokiak ia 25 urte darama martxan. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan murgilduta egon dira langile batzordea eta zuzendaritza, baina ezustekoa izan zen iragan osteguneko batzarrean: zuzendaritzak beharginen ordezkariei jakinarazi zien lantegia itxi nahi dutela. Haize-errotentzako oinarriak ekoizten dituzte enpresan, eta zuzendaritzako kideek argudiatu dute "txiki gelditu dela" Olaztiko lantokia, baita ekoizpenak behera egin duela ere.

Itxierak 73 langileren kaleratzea ekarriko luke. Zuzendaritzak osteguneko biltzarrean azaldu zuen kontratuak desagerrarazteko Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztuko duela, eta ez zituen kalte ordainak edota birkokatzeak aipatu. Bi aldeek zazpi egunen buruan osatu beharko dute negoziazio mahaia, eta 30 eguneko epea izango dute akordioa lortzeko.

Langileen erantzuna

La Gamesa asturiana modura ezaguna den Daniel Alonso Taldearen barruan dago Apoyos Metalicos. Langileen susmoa da Avilesera edota Linaresera lekualdatu nahi dutela Olaztiko ekoizpena.

Beharginek adierazi dute borrokatu egingo dutela itxieraren aurrean. Langile batzordeko kide Sergio Goñiren hitzetan, "enpresak 25 urteko ibilbidea du, eta ia hasieratik egon dira egungo langileetako batzuk. "Irtenbide duin baten alde borroka egingo dugu", gehitu du.

Noticias de Navarra-k jaso duenez, kontratu iraunkorreko 70 langile eta aldi bateko ia 20 ziren Olaztiko lantokian duela bost urte. 2015-2017 bitartean, aldi baterako kontratuak murriztu zituztela ere azaldu du egunkariak.