AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/05/21 15:34

Gorka Lupiañezek (Durango, 1981) 2007an jarritako tortura salaketari arrazoia eman eta “Espainiak durangarraren giza eskubideak urratu egin dituela” adierazi du NBEko Giza Eskubideen Batzordeko hemezortzi aditu independenteen taldeak. Gainera, NBEk Espainiari eskatu dio; batetik, Lupiañezi justizia eta erreparazioa bermatzeko, eta bestetik, sei hilabeteko epean, ebatzitakoa zuzentzeko zer neurri hartuko dituen jakinaraziz, txosten bat osatzeko.

2007ko abenduaren 6an atxilotu zuten Gorka Lupiañez Berrizko errepide batean. Ondoren, Bilboko La Salveko Guardia Zibilaren polizia etxetik pasatu eta Madrilgo polizia etxe batean izan zuten bost egunez. Inkomunikazio garaia igarota, tortura gogorrak salatu zituen egun Topasen preso duten durangarrak. Lupiañezen testigantzak batzen duenez; Bilboko polizia etxean, besteak beste, kolpeak eman zizkioten barrabiletan eta pistola bat kargatu eta hura buruan jarrita, mehatxatu egin zuten. Madrilera bidean, ostera, poltsa jarrita ito zuten, eta polizia etxean bost egunez biluzik eduki zuten. Soka batekin zakila eta barrabilak lotu eta tiraka aritzeaz gain, makila batekin uzkitik bortxatu zutela ere salatu zuen Lupiañezek.

Mediku forentseak hiru milimetroko hematoma aurkitu zuen durangarraren zakilean. Hala ere, epaileak ez zituen salaketak aintzat hartu eta,  ETA erakundeko kide izatea leporatuta, 11 urte eta 11 hilabeteko zigorra ezarri zion Audientzia Nazionalak. Horrez gain, pasa den apirilean 50 urteko zigorra ezarri dio Audientzia Nazionalak, 2007an ETAren ekintza baterako furgoneta bat lapurtu eta familia bat bahitu izana leporatuta.