AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/22 18:00

Bihar aurkeztuko dute Non dago Mikel?, Mikel Zabaltzaren hilketari buruzko dokumentala. Ikus-entzunezko hori ekoizteko prozesuan egileek lortu duten audio-grabazio bat kaleratu dute gaurkoan. Bi guardia zibilen arteko elkarrizketa bat jasotzen du audioak, hain zuzen, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren eta Luis Alberto Perote CESIDeko koronel ohiaren artekoa.

Lehendik ere ezaguna zen audio-grabazio hori, El Mundo egunkariak transkripzioa argitaratzeaz gain, froga modura aurkeztu baitzuten Zabaltza auziaren ikerketan. Epaimahaiko kideek, ordea, uko egin zioten frogari, "beharrezko gutxieneko kalitaterik" ez zeukalakoan.

"Huts egite asko egin zituzten"

Audioan jasota dagoen solasaldian "Zabaltzaren gaia oso itsusi" ikusten zutela aitortzen zuten Perotek eta Gomez Nietok. "Eskua joan zaie, itaunketan bertan gelditu zaie", esan zuen bigarrenak. Perotek galdetu zion ea, haren ustez, Intxaurrondoko kuartelean "geratu zitzaien" Zabaltza. "Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire ustea. Huts egite asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela", erantzun zuen Gomez Nietok.

Elkarrizketa horretan, guardia zibilek torturatutako pertsona gehiagoren inguruan ere hitz egin zuten bi buruek. "Guri ia bertan geratu zitzaigun herrialdeburua", adierazi zuen Gomez Nietok.
"Tipoa begira genuen, zeren kontu horren mamia ez baita tipoak ez duela ezer ikusten; funtsean, puntu batean murgilduta balego bezala da, bestela ez... Kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotza sentipena izan dezan", gaineratu zuen.

Ia lau hamarkada

1985eko abenduaren 15ean topatu zuten Zabaltzaren gorpua Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan. Guardia Zibilak hainbat seniderekin eta Ion Arretxerekin batera atxilotu zuen hiru aste lehenago, eta Intxaurrondoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelera eraman zituzten hainbat. Torturak salatu zituen, esaterako, Arretxek berak ere.

Poliziaren bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilei ETAren arma-zulo bat erakustera zihoala, ihes egiten saiatu zen Zabaltza eta, gero, ibaira erorita ito zen. Dena den, Perotek berak adierazi izan du Gomez Nietok aitortu ziola Intxaurrondon torturatuta erail zutela orbaizetarra.