Michelinek bigarren lan-erregulazio bat adostu du, Euskal Herriko 4.000 langileri eragingo diena

Gasteizko eta Lasarteko Michelinen lantegietako 4.000 langileri eragingo die multinazionalak Espainiako Estatu mailan ezarriko duen aldi baterako lan-erregulazio txosten berriak. 70 eguneko iraupena izango du eta irailaren 15era arte luzatu daiteke. Ekoizpenaren beherakada erabili du argudio modura enpresak.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 12a

Michelin multinazionalak aldi baterako lan-erregulazio espediente berri bat jarriko du martxan Espainiako Estatuko lantegietan. Txostenak Gasteizko (Araba) eta Lasarteko (Gipuzkoa) fabriketako 4.000 behargini eragingo die zuzenean; hain zuzen, 3.500 langileri Gasteizen eta 500 langileri Lasarten. Datorren astean jarriko da indarrean, eta momentuz 70 eguneko iraupena izango duen arren, irailaren 15era arte luzatu daiteke. UGT, CSI eta CCOO sindikatuekin adostu du espedientea enpresak, Covid-19 birusaren hedapenagatik ekoizpenean izan den beherakada argudio modura baliatuta.

Plantillaren gehiengoari eragingo badio ere, aldi baterako erregulazio txostenetik kanpo geratu dira zenbait sektore; hala nola, aitatasun edo amatasun baimena dutenak, borondatezko eszedentzian daudenak edota ekainaren 30etik aurrera langabeziarako eskubiderik izango ez dutenak. LAB sindikatuak salatu du sektore zaurgarrienak izango direla kolpatuenak eta azpikontratatutako langileek ez dutela "inolako bermerik" izango.

Langileen borrokak

Covid-19aren hedapenaren lehenengo egunetan, Michelinen Gasteizko eta Lasarteko lantegiak ixtea lortu zuten langileek. Salbuespen egoeraren aurretik ere borroka ugari abiatu zituzten Lasarteko Michelineko beharginek, lan baldintzen defentsan.