Matxinada izan zen astelehenean Zaballako espetxean

'Hala Bedi'-k jakinarazi duenez, Zaballako (Araba) espetxeko presoak matxinatu egin ziren astelehenean. Funtzionarioek esan dute azken hogei urteetako egoerarik larrienean dagoela kartzela. Dirudienez, matxinada dela-eta, zortzi preso dituzte bakartuta, eta bi funtzionario daude ezgai egoeran.
Argazki Nagusia
Zaballako espetxea.
2019ko urriaren 30a

"Azken hogei urteetako egoerarik larriena" bizi omen dute egun Zaballako (Araba) espetxean. Izan ere, urtea hasi zenetik, gutxienez bost preso hildako izan dira; gehienak, gazteak. Irailean zendu zen azkenekoa; ustez, "droga gaindosiaren ondorioz". Espainiako Gobernuak argitaratutako datuen arabera, aurten erailak izan diren beste lau presoen artean, bi hil ziren drogen eraginez, eta beste biek, beren buruaz beste egin zuten.

Hala Bedi-k jakinarazi duenez, iragan astelehenean, hilak 28, matxinada izan zen kartzela barruan; hain zuzen, telebista dagoen gunean hasita. Xehetasunak jakinarazi ez badituzte ere, azaldu dute zortzi preso dituztela bakartuta Zaballan, matxinada dela-eta. Bestalde, bi funtzionariok eskatu dute ezgai agiria.

Gortina beltza

Salhaketa taldeak elkarretaratzea egin zuen hilabete hasieran Gasteizen (Araba), Zaballan jazo zen azken erailketa salatzeko. Hala, hildakoen familiei babesa adierazteaz gain, espetxeko neurriak salatu zituzten. Besteren artean, "informazio eza eta opakutasuna" gaitzetsi zituzten, eta "espetxe barruan gertatzen dena jakitea" exijitu ere bai.

Izan ere, aurten hil duten presoetako baten ahaideek "informazio falta" salatu zuten apirilean. Hildakoaren heriotzari buruzko datuak "faltsuak" zirela salatu zuten, baita espetxeak autopsiaren atariko emaitzak soilik helarazi zizkiela ere.