Laudioko Aiala Vidreok plantilla osoa behartu nahi du lanera itzultzera

"Normaltasunera bueltatzea" da Laudioko Aiala Vidreoko zuzendaritzaren asmoa, ekoizpen osoa mantenduta eta behargin guztiak lanera joatera behartuta. Duela hiru aste adostu zuen langile batzordearekin "fabrikan langileen presentzia ahalik eta gehien murriztea", baita aldi baterako enplegu erregulazio txosten bat atzera botatzea ere.
Argazki Nagusia
2020ko apirilaren 22a

Laudioko (Araba) Aiala Vidreo enpresako zuzendaritzak adierazi du "normaltasunera bueltatu" nahi duela ekoizpenari dagokionean. Hala, salbuespen egoeran langileen batzordearekin adostutako neurriekin hautsi eta atzean utziko ditu pixkanaka, eta ekoizpen osoa berraktibatuz, plantilla osoa behartu nahi du lanean jarraitzera.

Covid-19ak sortutako krisialdiaren harira, "fabrikan langileen presentzia ahalik eta gehien murrizteko" neurriak adostu zituen langileen ordezkariekin, hala nola, ekoizpena %100ean mantentzea, baina lantegian bertan egongo ziren beharginen kopurua %40 jaitsita. Dena den, zuzendaritzaren asmoa da hemendik aurrera langile guztiak joatea fabrikara, nahiz eta haiek salatu duten hala oso zaila dela gutxieneko segurtasun distantzia mantentzea, "instalazioen eta ekoizpen-prozesuaren izaera" dela-eta.

Gainera, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, orain dela hiru aste aldi baterako enplegu erregulazio txosten bat aurkeztea proposatu zuen enpresako zuzendaritzak, "ekoizpenari eta antolaketari" lotutako argudioak medio. Langile batzordearekin erdietsitako akordioaren barruan, baina, atzera bota zuten dosierra osatzea. Orain, ordea, enpresak "normaltasunera bueltatu" nahi du, zuzendaritzaren esanetan enplegu erregulazioa ezartzea "eragiten" zuten arrazoi horiek "konpondu" balira bezala, ELAk dioenez.