AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/26 16:40

Kelvionek langileen erdia kaleratuko du Igorreko (Bizkaia) plantan. Azaroan fabrika ixteko asmoa agertu zuen zuzendaritzak, eta horren osteko negoziaketetan, jarduerarekin jarraitzeko baina plantilla erdira murrizteko proposamena luzatu zien beharginei. Eskaintza hori onartu zuten haiek iragan astelehenean, bozka bidez.

Momentuz, beraz, 73 izatetik 37 izatera igaroko dira langileak. Dena den, lanpostuak lau urtez bermatzeko konpromisoa baino ez du hartu gaurkoz enpresak. Gainera, lanean jarraituko duten 37 beharginei soldatak jaitsiko dizkiete, %7 eta %10 artean.

ITXIERA ASMOA

Multinazionalak azaroan jakinarazi zuen Igorreko planta itxi nahi zuela, Santanderren eta Madrilen dituen lantegiekin batera. Borrokari ekin zioten orduan beharginek eta, abendu hasieran, Igorreko fabrikako jardunarekin jarraitzeko eskaintza bat egin zuen lantokiko kudeatzaileak, Alemaniako nagusiekin bat eginda. Trukean, ordea, langilegoaren erdia kaleratzea galdegiten zuten.

Alemaniako zentralaren arabera, Igorren ekoizpena mantentzeko, "nahikoa" da 37 langilek jardutea soldatapean. Gainera, beharginek jakinarazi dute Poloniara desbideratu dituztela, izatez, Igorren eginak ziren hiru enkargu.