AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Antsoaingo industrialdea.
2019/10/15 00:33

Bi lan istripu izan ziren atzo Nafarroan; Antsoainen bata, eta Melidan bestea. Alde batetik, 46 urteko langile bat 7 metroko altueratik erori zen soldatapean lanean ari zela. Larri zauritu zela-eta, larrialdi zerbitzuak bertaratu ondoren, Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten, eta bertan zendu da. Antsoaingo industrialdeko Grupo San Cristobal enpresarentzat egiten zuen lan eraildako beharginak. Egun itxita badago ere, etorkizunean, bertan enpresa berri bat martxan jartzeko asmoa dute, eta tokia egokitzeko lanetan jarduten zuen langileak. Hain zuzen, isolatze lanak ari zen egiten.

Bestalde, ospitale berean artatu behar izan zuten bigarren behargin zauritu bat atzo. Azken horrek Melida herrian izan zuen lan istripua; eskua zanpatu zion lantokiko makineriak, eta hautsi egin zizkion hatzak. 26 urte ditu.

Pasa den astean, beste bi langile zauritu ziren soldatapean lanean ari zirela; Lasarten (Gipuzkoa) bata, eta Urduñan (Bizkaia) bestea.

35 langile erailak aurten

Gutxienez, 35 langile erail dituzte soldatapean Euskal Herrian urtea hasi zenetik. Horietan azkena Nafarroan bertan izan zen eraila, urria hasieran. Burlatan izan zen hilketa; eraikuntza lanetan ari zen behargin bat erori egin zen, eta bertan geratu zen hilotz. Irailean, aldiz, gutxienez bi langile hil zituzten; bata Kasedan (Nafarroa), eta bestea Amurrion (Araba).