AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/29 10:28

Martxoaren amaieratik hona, 57.300 langile gutxiago daude Euskal Herrian pertsona aktiboen zerrendan; hau da, lanpostu kopuru hori suntsitu da COVID-19aren pandemia hasi zenetik, haren harira hartutako neurriak medio. Langile horiei, gainera, lan-erregulaziopean daudenak gehitu behar zaizkie. Martxotik hona, 150.000 behargin inguruk jasan behar izan dute lan jardunaren etetea. 2008ko krisian ere ez zituzten hainbeste lanpostu suntsitu, are gutxiago, hain epe murritzean.


Horietatik, guztiak ez dira ofizialki langabe gisa hartzen, ez baitaude denak langabezia zerrendetan. Espainiako eta Frantziako estatistika institutuen eta Eustaten txostenetan oinarrituz Gaindegiak emandako datuen arabera, martxoan baino 7.800 pertsona gehiago zeuden langabezian ekainean; guztira, 133.800 (%9,34), martxoan baino ia puntu bat gehiago. Europako langabezia tasa handienetakoa da hori, Greziaren, Espainiaren eta Kataluniaren atzetik.


Nabarmentzekoa da langabezian geratutako gehienak emakumeak izan direla. Hego Euskal Herrian, esaterako, emakume langileak ziren langabezian geratutako 5.600 lagunetatik 5.300. 16-24 urte bitarteko gazteen artean, berriz, 10,3 puntu hazi da langabezia tasa azken hiruhilekoan: %31,6koa da egun.


Gaindegiaren arabera, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hazi da gehien langabezia tasa: %2,66. Lurralde guztietan egin du gora, dena den. Araban ere %2tik gorakoa izan da hazkundea, eta hortik beherakoa Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan. Uneotan, Bizkaian dago langabezia tasarik handiena: %10,72.


Etengabeko kaleratzeak

Azkenaldian enpresa ugaritan ari dira langileak kaleratzen. Horietako batzuk, gainera, kaleratze masiboak egiten ari dira. Besteak beste, uztailaren hasieran Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa eta Aguraingo (Araba) Sapem lantegiak itxiko zituztela jakinarazi zuten, 239 eta 14 behargin kale gorrian utziz, hurrenez hurren. Tubacexek 150 langile bidaliko ditu kalera Amurrion (Araba) eta Laudion (Araba), eta ITP Aerok ere ehunka kaleratze iragarri ditu Bizkaian.