Kontrol judizialpean aske utziko dute Josu Urrutikoetxea preso politikoa

Frantziako Dei Auzitegiak atzo aztertu zuen Urrutikoetxea aske uzteko bosgarren galdea. Lehenengo fiskalburuak eta gero epaileek bat egin zuten defentsarekin, eta beraz, uztaila bukaera aurretik askatuko dute preso politikoa. Frantzian bi epaiketa egingo dizkiote, baina Dei Auzitegiak atzera bota du Espainiako Gobernuaren euroaginduetako bat.
Argazki Nagusia
2020ko uztailaren 2a

Atzo, uztailak 1, Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean libre uztea erabaki zuen Frantziako Dei Auzitegiak. Fiskalburuak atzo arratsaldeko auzi saioan eskatu zuen preso politikoa askatzeko, defentsa abokatuen galdearekin bat eginez. Gauean jakinarazi zutenez, eskaera hori onartu dute hiru epaileek.

Antza, uztailaren amaiera baino lehen irtengo da La Sante espetxetik, eta eskumuturreko telematiko bidez kontrolatuko dute aurrerantzean. Mugikortasun mugatua izango du eta ordutegi jakinetan irten ahalko da bere Parisko etxetik.

La Santen izapideak egingo dituzte orain, "epaileen erabakiaren egingarritasuna" eta hura nola gauzatu ikertu beharko baitute, hilaren 20a baino lehen. Gero, Dei Auzitegiak berretsi beharko du kartzelak egindako planteamendua.

Askapen eskakizuna, bosgarrenez

Urrutikoetxea aske uzteko defentsak aurkeztutako bosgarren galdea aztertu zuen atzo Dei Auzitegiak, eta abokatuek haren adina eta osasun egoera mahaigaineratu zituzten argudio modura. 69 urte ditu ugaotarrak, eta ebakuntza egin zioten iazko irailean.

Atzokoan, galdearekin bat etorri zen fiskalburua. Urrutikoetxeari bi epaiketa egin behar dizkiote Frantziako Estatuan; ETAko zuzendaritzako kide izatea leporatuta bata, eta 2011-2013 artean Oslon elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzaren parte izatea egotzita, bestea. Dena den, fiskalburuak adierazi zuen ez dela beharrezkoa epaiketak egin bitartean kartzelan egotea. Gainera, ez zuen egokitzat jo Espainiako Estatuak irekitako prozeduren ondorioz (bi euroagindu eta beste bi estradizio eskaera) Frantziako Estatuan giltzapean egotea.

Euroagindu eskaeretako bat baztertua

Espainiak 2015an auzipetu zuen Urrutikoetxea 2006ko Barajasko atentatuarekin lotuta, eta horren harira, euroagindu eskaera bat egin zion Frantziari. Atzo, baina, Dei Auzitegiak atzera bota zuen eskakizuna, kontu teknikoak direla eta.

Iazko maiatzean atxilotu zuten ugaotarra Alpeetan, eta ordutik dute gatibu La Santen. Hurrengo hilabetean, kontrol judizialpean libre uztea erabaki zuen Frantziako Dei Auzitegiak, baina Espainiako Gobernuaren euroaginduak medio, preso mantendu zuten.