AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Nafarroako PAH
2019/11/25 20:52

Gaur, hilak 25, kalez jantzitako poliziek familia bat kaleratu dute etxetik, Iruñean (Nafarroa). Goizeko 09:00etan etxegabetu dituzte bikote bat eta haien lau seme-alabak, poliziek garajearen bidez etxebizitzara sartzea lortu dutenean.

Etxegabetzearen data jakin zenean, elkarretaratzera deitu zuen berriro Nafarroako PAH plataformak, goizeko 08:30erako. Hala, etxebizitzaren aurrean bildu dira dozenaka pertsona, eraikinaren beheko aldea blokeatzen saiatzeko. Oharkabean, baina, aurre hartu die Poliziak, eta etxera sartzea lortu dute, garajetik. Elkarretaratzean bildutakoek "giza harresi" baten bidez blokeoa bilatu badute ere, beranduegi izan da, eta poliziek familia etxetik botatzea lortu dute.

Aurretik, gutxienez bi aldiz geratu dute PAHekoek desjabetzea, mobilizazioei esker. Gaur, ordea, ez dute lortu. Dena den, plataformako kideek etxe bat bermatu diete kaleratutako pertsonei, gaur gauean bertan lo egin dezaten. Bitartean, adierazi dute Nafarroako Gobernua auzian inplikatzen saiatuko direla, "etxebizitza hori ondare publikoaren alokairuko poltsaren parte izatera pasatu dadin".

Instituzioak, antolakuntza

Etxebizitza horren "alokairu soziala" ezin ordaindu zezaketelako desjabetu dute familia. Izan ere, GEDAR LANGILE KAZETAk aurretik jaso bezala, ezin izan diote aurre egin alokairu horrek zehaztutako baldintzei; hala, Errotabidea izeneko higiezinen enpresak martxan jarri zuen kaleratzea. Enpresak 500 euro inguruan kokatu zuen etxebizitzaren hileroko alokairua. "Alokairu sozialera" sarbidea izateko, ordea, 7.000 eurotik gorako abalak eskatzen ditu.

PAHko kideek "instituzioen inplikazio falta" salatu dute. Sare sozialetan azpimarratu dutenez, "instituzioak iritsi ez diren lekura, gizarte antolatua iritsi da berriz ere".