Urrutikoetxearen aurkako euroagindu eta estradizio eskaerak, bihar aztergai Parisen

Josu Urrutikoetxearen aurkako bina euroagindu eta estradizio eskaera daude mahai gainean une honetan, eta bihar aztertuko dituzte Parisko Dei Auzitegian. Espainiako Auzitegi Nazionalak jarri zituen martxan euroaginduak; "gizateriaren aurkako krimenak" egotzita batetik, eta "herriko tabernen auzia" euskarri hartuta, bestetik. Estradizio eskaerak Espainiako Gobernuarenak dira, eta Luis Herguetaren hilketari eta Zaragozako atentatu bati lotutakoak dira. Urrutikoetxeak 2002. urtean egin behar izan zuen ihes Euskal Herritik, eta aurtengo maiatzean atxilotu zuten Frantziako Estatuan.
Argazki Nagusia
2019ko azaroaren 12a

Bihar, azaroak 13, Josu Urrutikoetxea izango dute hizpide Parisko Dei Auzitegian. Hain zuzen, preso politikoaren aurkako bina euroagindu eta estradizio eskaera aztertzeari ekingo diote. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Gobernuak egin dituzte eskaerak, Berria-k jakinarazi duenez. Euroaginduek "gizateriaren aurkako krimenak" eta "herriko tabernen auzia" dituzte oinarri; eta Espainiaratzeko eskaeren heldulekuak dira, bestalde, Luis Herguetaren hilketa eta ETA erakundeak Zaragozan gauzatutako atentatu bat.

Egun, Parisko La Santé espetxean dute preso Urrutikoetxea. Parisko Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio ganberak irailean baztertu zuen preso politiko ugaotarra baldintzapean aske uzteko eskaera, eta ebatzi zuen atxilo izango dutela haren aurkako euroaginduak eta Espainiaratzeko eskaerak aztertu bitartean. Prozeduran izan diren akatsak direla-eta egin zuten abokatuek Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaera, eta haren osasun egoera larria ere mahaira atera zuten. Izan ere, larriki gaixo dago, eta uda amaieran egin zioten ebakuntza.

1996-2000 urte bitartean ere preso izan zuten Espainiako Estatuan. 2000. urtean erabaki zuen Gorenak aske uztea, baina horren ondotik, hogeitik gora sumario ireki zituzten haren aurka. Haietako lau dira, gutxienez, orain epaitegiek esku artean dituztenak.

Bi euroagindu

Euroaginduei dagokienez, batetik, "gizateriaren aurkako krimenak" leporatuta galdegin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen aurkako euroagindua. Izan ere, 2006. urtean Barajasen (Madril) izan zen atentatuaren barruan, bi hilketetan parte hartu izana leporatu diote. Hala, 2015. urtean auzipetu zuen Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak, baita Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Aitor Elizaran ere. Epaileak ondorioztatu zuen Urrutikoetxeak ez zuela ardurarik ETAren atal militarrean, baina Barajasko bi hilketen erantzule modura seinalatu zuen.

2002. urtean Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen ugaotarrak; hala, nazioarteko atxilotze agindua jarri zuen martxan Gonzalezek. Iragan maiatzean atzeman zuen Frantziako Poliziak Alpeetan, eta orduan sartu zen indarrean haren aurkako lehenengo euroagindu hau. Dena den, Dei Auzitegiak kontrol judizialpean aske uztea erabaki zuen ekainean. Kartzelatik irten zenean, baina, berriz atxilotu zuten, eta bigarren euroagindu baten berri eman zioten.

"Herriko tabernen auziari" lotutakoa da Urrutikoetxearen kontrako bigarren euroagindu hori. Baltasar Garzon epaileak 2002. urtean abiatu zuen tabernen aurkako operazioa, eta 2005. urtean auzipetu zuen Urrutikoetxea, "erakunde terroristako kide" zela iritzita, besteak beste. 2013. urteko urrian hasi zen 35/02 sumarioko ahozko epaiketa, Auzitegi Nazionalean, eta 36 lagun epaitu zituzten. Urrutikoetxea, ordea, ihesean zegoen ordurako.

Bi estradizio eskaera

Horretaz gain, preso politikoa Espainiaratzeko bi eskaera egin ditu Espainiako Gobernuak. Luis Hergueta Safes-Michelineko enpresaburuaren hilketaren harira izan da aurreneko eskaera; 1980. urtean erail zuten Gasteizen (Araba), baina ETA politiko-militarrak aldarrikatu zuen atentatua. Urrutikoetxea ETA militarreko militantea zen, ez politiko-militarrekoa. Dena den, ez da kasu horren inguruko epaiketarik izan oraindik.

Bigarren estradizio eskaerari dagokionez, Guardia Zibilaren Zaragozako kuartel batean ETAk egindako atentatu bat du oinarri. 1987. urtean izan ziren gertakariak, eta 11 pertsona hil ziren atentatuaren ondorioz. 2001. urtean txostena osatu zuen Guardia Zibilak, eta bertan jaso zituzten Urrutikoetxearen aurkako akusazioak. Hala, auzipetu egin zuten berriro.