Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteari uko egin dio berriro Dei Auzitegiak

Hilabetearen hasieran egin bezala, Parisko Dei Auzitegiak muzin egin dio Josu Urrutikoetxea preso politikoaren baldintzapeko askatasun galdeari. La Sante espetxean preso jarraitu beharko du, patologia kronikoak izan arren. Ekainean izango ditu hurrengo auzi saioak; izan ere, bere aurkako bi euroaginduak eta estradizio eskaera aztertuko ditu auzitegiak.
Argazki Nagusia
2020ko apirilaren 30a

Atzo, Parisko Dei Auzitegiak jakinarazi zuen berriz egin diola uko Josu Urrutikoetxea preso politikoa baldintzapean libre uzteari. Bi euroagindu, estradizio eskaera bat eta baldintzapeko askatasun galde bat izan dituzte aztergai epaileek.

Aske uzteko eskaerari dagoeneko ezezkoa eman badiote ere, gainontzeko hiru prozeduren gaineko erabakiak gibelatu egin dituzte: ekainaren 3an aztertuko dute berriro herriko tabernen auziari lotutako euroagindua, eta ekainaren 10ean izango dituzte hizpide Luis Herguetaren atentatuagatik (1980) Urrutikoetxearen aurka eskatuta dagoen estradizioa, eta Barajas Madrilgo aireportuko atentatuagatik (2006) galdeginda dagoen euroagindua. Bitartean, La Sante presondegian egotera kondenatu dute berriro ugaotarra.

Birusa eta osasun egoera

La Sante kartzelan ere ondorioak izan ditu Covid-19aren zabalpenak, eta hainbat preso kutsatu dira. Antza, preso pare bat mugitu behar izan zituzten bertatik birusak jota. Urrutikoetxearen osasun egoera, gainera, delikatua da. Izan ere, hainbat pneumonia pairatu ditu dagoeneko, eta pasa den irailean prostata arazoak tratatzeko ebakuntza bat egin zioten. Dena den, azaldu dutenez, infekzio asko izan ditu ondotik, eta neguan arterietako hipertentsioari eta bronkitis bati egin behar izan die aurre.

Bi eskaera krisialdian

Hortaz, patologia kronikoak dituela jakinda eta koronabirusaren hedapenak bere osasunaren bilakaeran eragin zezakeela iritzita, kartzelako medikuak eskatu zuen Urrutikoetxearen kartzelaldia etetea. Izapideak egin eta, beste behin, baldintzapeko askatasun eskakizuna egin zuen 70 urteko presoaren defentsak. Apirilaren 1ean, baina, auzitegiak atzera bota zuen galdea, eta ezezkoa eman zion. Izatez, krisialdi honetan 11.500 preso aske uztea erabaki zuen Frantziako Estatuak, gaixo daudelako edo egoera zaurgarrian egon daitezkeelako.

Krisialdian defentsak egindako bigarren eskaera izan da auzitegiak atzo ukatutakoa, eta beraz, oraingoan ere ez dute baimenduko Urrutikoetxeari eskumuturreko telematiko bidezko zaintza elektronikoa ezarri eta etxeratzea.

Ez da Parisko Dei Auzitegiak bere askatasun eskaerari ezetz esaten dion aurreneko aldia, ordea. Gainera, beste euskal preso politiko batzuen galdeei ere ezezkoa adierazi zien duela gutxi, eta muzin egin dio Jakes Esnal, Ion Parot, Frederic Haranburu, Jon Gurutz Maiza eta Ibon Fernandez kartzelatik irteteari.