AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Galdakaoko Gazte Asanblada
2019/06/13 11:04

Pasa den maiatzaren 4an hasi zen gaztetxearen aldeko borroka Galdakaon. Gazte Egunean, gaztetxe berriaren okupazioaren berri eman zuen herriko gazte mugimenduak. Hasieratik izan zuten Ertzaintzaren presentzia handia, lehen egunean, eraikinaren jabea poliziarekin bertaratu baitzen gazteek birjabetutako espaziora. Gaztetxeko kideek diotenez, “hori hasiera bakarrik izan zen”.

Hurrengo egunetan ere jazarpen poliziala “etengabea” izan zela salatu dute. Ertzaintzak sartu-irten guztietan mehatxatu zuen bertaratutako kide oro, identifikazioak egingo zituztela esanez. Dena den, aurrera egitea erabaki zuten gaztetxe berria martxan jarri zuten kideek. Eraikinaren jabearekin negoziatzeko saiakera egin zuten, gaztetxea defendatzeko.

Ertzaintza maiatzaren 7an joan zen espaziora, sarrailagileek lagunduta, atea botatzeko. Gaztetxean sartzeko saiakera egiten ari zirela, kanpoan zeuden beste bi kide ere identifikatu zituzten. Mozal Legea ezartzearekin egin zioten mehatxu horietako bati, gertatzen ari zena grabatzen ari baitzen. Bizilagunak gaztetxera bertaratu ahala, polizia kopurua handitu zen, eta tentsio uneak izan ziren. Azkenean, gaztetxean sartu ziren; bertan zeuden bi kideak kanporatu eta identifikatu zituzten.

Gertakari horien ondoren, ekainaren 20an deklaratzera deitu dituzte sei identifikatuetako lau, eta usurpazio delitua egotzi diete horietako hiruri. Gaztetxeko kideek “epaiketa salatzeko eta auziperatuei babesa adierazteko” elkarretaratzea deitu dute ekainaren 19rako, Galdakaoko Udaletxearen aurrean, 19:30ean.