AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Itzubaltzeta gaztetxea
2020/05/12 10:13

Ertzaintza 22:00ak aldera sartu zen atzo Itzubaltzetako (Getxo, Bizkaia) gaztetxera, eta inolako agindu judizialik izan gabe, eraikina hustu zuen. Gaztetxeko kideek salatu dute legez kanpoko desalojoa izan dela.

Hiruka-k jakinarazi duenez, ordu batzuk lehenago bilera izan zuten Getxoko Udaleko ordezkariek eta gaztetxeko kideek, eraikina desinfektatzeko lanen inguruan hitz egiteko. Udalak azpimarratu zuen haren jabetza dela eraikina, eta adierazi zuen egokitzat jotako neurriak hartuko zituela. Hala, desinfektatzeko lanen argudiopean, eraikinera inor sartu ez dadin eta inork erabili ez dezan esku hartuko zuela iragarri zuen.

Horren ostean, gaztetxera joan ziren bertako kideak. Ondoan dagoen eta eraiste arriskuan dagoen Nagusien Etxeko ateko sarraila aldatu nahian topatu zituzten udal langileak, azkenean lortu ez zuten arren. Ehunka lagun bildu ziren kanpoaldean, baita udaltzainak ere.

Ertzaintza bertaratu zen gero, eta gauean sartu zen gaztetxera, "oso oldarkor". Hala, hustu eta itxi egin zuten. Otsailean jarri zuten martxan Itzubaltzeta III gaztetxe berria, garai batean kultur etxea zen eraikina birjabetuta.

Manifestazioa

Itzubaltzeta III gaztetxeko kideek manifestazioa deitu dute gaur iluntzerako. 21:00etan abiatuko da Getxoko Santa Eugenia kaletik, Eraisketari ez, herri bat gaztetxe bat lemapean.

Desalojoak alarma egoeran

Aurreko astean Gasteizko (Araba) Talka hustu zuten polizia indarrek, eta orduko hartan ere, agindu judizialik gabe eta modu ilegalean egin zuten. Bestalde, apirilaren 21ean salatu zuten Donostiako (Gipuzkoa) Firestone Lantegi Berreskuratua desalojatzen saiatu zirela.

EZ DAGO IRUZKINIK