ITPk lan-erregulaziorako espedienteak ezarriko dizkie Barakaldo eta Sestaoko 90 langileri

Enpresak langileen batzordeari jakinarazi dio erabakia. Sindikatuek enplegu-erregulazioko espedienteari aurre egiteko izapide juridikoei heldu diete.
Argazki Nagusia
2020ko abenduaren 30a

ITP Aero Casting enpresako langileen batzordeak aditzera eman duenez, patronalak 90 langile kanporatzeko lan-erregulaziorako espedientea igorriko du Barakaldon eta Sestaon (Bizkaia) dituen lantegietan. Ondorioz, 2021 eta 2022 artean lan-kontratuak etengo ditu enpresak, “arrazoi ekonomiko eta produktiboak” argudiatuta.

Batzordeak agiri batean azaldu du abenduaren 29an jakinarazi zitzaiela lantegietarako enplegu-erregulazioko espedientearen prozesuaren azken erabakia. Bertan, 87 kaleratze aurreikusten dituztela adierazi zieten, beste hiru behargin ere zerrenda horretara gehitu zituzten; “badaezpada”, enpresaren aburuz.


Kalte-ordainak

Ildo beretik, lanean aritutako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina emango diete, legeak zehazten duen gutxienekoa. Era berean, enpresak Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi bat izenpetuko du, 55 urte edo gehiago bete dituzten langileen kostua finantzatzeko. Kalkuluen arabera, langileen sektore hori dozena bat lagunek osatzen dute. Enpresa-batzordearen hitzetan, erabaki hori "langileen aurkako atentatua" da, izan ere, “sari eskasa” luzatu die ITPk, “langileek hainbat urtetako sakrifizioa eskaini ondoren”.


Lanpostuak kolokan
Azaroan erregulazio-espedientea ezarri zien ITP Castingsek Barakaldo eta Sestaon kontratu finkoa zuten langileen %30ei. Behin-behineko enplegatuei dagokionez, enpresak uko egin zion joan den martxoan 120 beharginen kontratuak berritzeari.