Barakaldon eta Sestaon ere langileak kaleratzeko asmoa agertu du ITP Aerok

PCB filialetan lanpostuak suntsitzeko erregulazio espedientea aurkeztu du zuzendaritzak. Zamudion 121 langile kaleratu zituzten aurrez.
Argazki Nagusia
Zamudioko langileak, greba egun bateko mobilizazioan. Argazkia: Luis Mouliaa (@luismouliaa)
2020ko azaroaren 18a

Barakaldoko (Bizkaia) eta Sestaoko (Bizkaia) PCB Precision Castings Bilbao filialetan lan-erregulazio espedientea aurkeztuko duela jakinarazi du ITP Aero taldeak. Zehaztasun gehiago eman ez badute ere, 510 langile dira guztira planta horietan -400n Barakaldon eta 110 Sestaon-, eta %10ei eragingo lieke espediente berriak. Aurrez, otsailetik, finkoak ez ziren langileak bota zituzten, beste 160 bat behargin.


Irailean, Zamudion (Bizkaia) ere kaleratzeak iragarri zituen ITPk: 121 langile kaleratu zituzten, tartean 58 urtetik gorako 42 pertsona, aurretiazko erretiroa hartzera behartuz, baita behin-behineko langile ugari ere. CCOO eta UGT sindikatuekin adostuta egin zuten. Lanean jarraitu duten beharginak, gainera, hamalau hilabeteko lan-erregulazio txosten baten eraginpean ari dira. Urrian, hiru eguneko greba egin zuten langileek.


Kasu hartan, antolaketa eta ekoizpen arloko arazoak argudiatu zituen ITPk; aldiz, langileek salatu zuten enpresak ez dituela "behar bezala egiaztatzen arrazoiak, ez baitu hori justifikatzen duen frogarik aurkeztu".