"Inork ez digu inoiz ezer oparituko, eta are gutxiago aldebakartasunez eta atseginez"

ARTEKA HILABETEKARIA | Argi eta kolore pisutsuz jositako saltoki-gune batean, Itaroan (Uharte, Nafarroa), badira etengabeko neonezko kartelak baino are gehiago nabarmendu diren idazkunak: Yelmoren zinema-aretoko langileen aldarriak, pankartetan jasoak. Merkatal-guneko soinu eta zarata azkarren gainetik entzun dira 2019an langileen oihu eta exijentziak, mezu garbi batekin: lan baldintza duinen defentsa eta borrokarako grina. Zinemako beharginek Itaroaren historian idatzi dute bertan inoiz egin den lehenengo greba, eta orbain gozoa haritu dute aretoko besaulki eta txoko guztietan.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 26a

PDF en castellano

PDF euskaraz

Itaroako zinema-aretoko langilea da Axier Nuñez (Barañain, 1998), bertako borrokaldiaren jaiotzan egon eta parte hartu duena. Bi greba deialdi aurrera ateratzea lortu zuten iaz; besteak beste, soldata igoera eskatzeko. Oinarriko langile guztiek -gazteak gehienak- egin zuten bat deialdiekin, eta orain, urratzeko bide luzea dutela aurretik diote.


Hasteko, hitz egiguzu Axierri buruz. Non hazi zen eta nola integratu zen soldatapeko lanaren dinamikan?

Barañainen (Iruñerria, Nafarroa) hazi nintzen. Batxilergoko ikasketak amaitu nituenean, nire familiaren egoera ekonomikoa zela-eta, lan bila hasi behar izan nuen unibertsitatean sartu aurretik. Zinemaren sektoreak erakartzen ninduen; a priori, lan arlo nahiko erosoa dirudi, eta langileen artean, profil nahiko gaztea biltzen duena. Horri heltzea erabaki nuen, beraz. 18 urterekin, selektibitatea egin bezain pronto hasi nintzen Itaroako zineman lanean, gaurko egunera arte. Hiru urte eta erdi daramatzat hemen, eta ia-ia, bertan denbora gehien egin duen langilea naiz.


Urteak igaro dira lan honetan jarduten hasi zinenetik. Zein izan da bertan bizi izan duzun errealitatea eta zein bilakaera izan du?

2016. urtean ekin nion lanari orduko hartan Cines Itaroa izena zuen zinema-aretoan. Itaroa saltoki-gunearen enpresa bat zen zinema; enpresa txiki bat, krisialdi garaian zinemak aurrera egin zezan sortutakoa. Izan ere, zinemarik gabeko merkatal-gune batek ez du tiratzen, hutsik geratzen da. Gunea bai ala bai irekita mantentzeko bermea da zinema-aretoa. Langile gutxi ginen orduan, guztiok elkar ezagutzen genuen, eta arduradunekin ere harreman nahiko ona genuen. Lan baldintzak antzekoak ziren soldatari dagokionean, baina bereziki, baimenei, oporretarako aukerei zein lantokiko giroari dagokionean, askoz hobea zen lehengo egoera.

2017. urtea hastean, baina, aldaketa nahiko nabarmena izan zen. Zoramena izan ziren Gabonak; jende asko ibili zen aretoan, egun batzuetan 6.000 pertsona ere hartu behar izan genituen. Horretarako estrategia bat jarri zuen martxan saltoki-guneak, esaterako, zinemarako sarrerak euro batean salduta, ia oparituta. Merkatal-gunearen zuzendaritzaren asmoa zen zinema kudeatzen zuen enpresa saltzea, eta gu ere halaxe sentitu ginen une horretan: salduta. Nahi zuten bakarra diru gehiago egitea zen, eta horretarako, zinemak zuen edo izan zezakeen bolumena ikusarazi nahi zuten, kate handiren batek Itaroa begiz jo zezan. Eta hala izan zen.

Yelmo multinazionalak erosi zuen zinema-aretoa, eta 2017. urteko martxoan sartu zen. Bigarren enpresa da estatu mailan, eta sektorean mundu mailako hirugarren potentzia den Cinepolis katearen barruan dago. 50.000 langile biltzen dituen enpresa bati buruz ari gara hizketan, 17-18 herrialdetan aretoak dituena. Gu, trantsizio une batean murgildu ginen Yelmoren bat-bateko esku hartzearekin.


Nola oroitzen duzu aldaketa une hori?

Multinazionala exijentzia askorekin sartu zen Itaroan. Lan baldintzak aldatu ziren, eskakizunak aldatu ziren, jendea aldatu zen; lehengo arduradunak kaleratu zituzten eta berriak hasi ziren, zuzendaritzaren apetaren arabera aukeratuak egoera zuzendu zezaten. Egoerak okerrera egin zuenez, hainbat langilek alde egin zuten eta berriak hasi ziren. Aldaketa hori gure azalean bizi izan genuen, eta hori izan zen mugitzen hasteko abiapuntua. Haserretzen hasi ginen beharginok; ohartzen hasi ginen miseria bat kobratzen genuela, gure gain genuen lan bolumena kontuan hartuta, batez ere. Adarra modu askotara jotzen digutela ikusi genuen. Hala, hauteskunde sindikalak egitea erabaki genuen; hautagaiak aurkeztu genituen, 2018. urteko maiatzean hauteskundeak izan ziren, eta martxan jarri ginen.


Zein da zehazki zuen lanpostuetan bizi duzuen problematika? Zein lan baldintzatan aritzen zarete?

Aldi baterako lanak izan ohi dira, eta ideia horrekin hasten dira bertan oinarriko langileak deritzenak; azkar igaroko den zerbait izango denaren ideiarekin. Gehienetan, nolabaiteko aurrezkiak behar dituztenek eta nolabait aurrera egin behar dutenek jotzen dute hona, ikasleek batez ere; ikasketak eta lana uztartu behar badituzu, asteburuetan baino ezin baituzu lan egin. Lanean hastean, astelehenetik ostiralera unibertsitatean zaude, eta hemen pasatzen dituzu gero asteburuetako arratsaldeak, horrek ekartzen duen guztiarekin. Bizitza sozialari dagokionean, zaila da osagarri izatea. Karga horri guztiari lan baldintzak eta lan mota gehituz gero, eztanda egin dezake egoerak. Erre egiten du. Lan baldintzak negargarriak dira, oinarrizkoenak, lan hitzarmenik ere ez dugu. Bada nolabaiteko araudi marko bat indarrean, 1999. urtekoa eta estatu mailakoa, langileen estatutuen kopia bat dena.

Esanguratsua da ni, soilik 21 urte izanik, bertan denbora gehien daraman langilea izatea oinarriko 36 langileon artean. Hori erabat lotuta dago langileen profilarekin eta lan motarekin; ondorioz, errotazio handia egon ohi da. Hiru urte eta erdian, hiru-lau aldiz ikusi dut, aldi berean, langileen %80 aldatzen. Ahal dutenean, beste zerbaiti heltzen diote gehienek.


Mugikortasun horrek badu eraginik langileen antolaketan?

Lantokian bizi dugun errotazioak asko zailtzen du borroka sindikala eta langileok antolatzea. Grebak edo bestelako dinamikak aurrera eramateko beharrezkoa da taldea egitea, taldea sortzea, eta hori oso zaila da egun batean asanbladan 20 pertsona elkartu eta hilabetera erdiak ez daudenean. Berriro zerotik hastea bezala da hurrengo aldian; auziak azaltzen eta kokatzen saiatu behar dugu berriro, kontzientzia sortzen, gauzak mugitu behar ditugula ikusarazten, inork ezer oparituko ez digula argitzen.

Iaz bi greba deialdiak aurrera atera genituenean, aretoan gutxieneko denbora bat egina zuten langileek, bi-hiru hilabete behintzat. Aski da denbora hori, ikusteko zein lan mota den gurea eta badaudela borrokarako arrazoiak. Berriro langileak aldatzean, baina, berdina gertatzen da; buelta berdinera. Zirkulu bat da. Dena den, mugikortasun handiak baditu bere indarguneak ere; txarretik duena, badu onetik ere. Alde txarra gure borroka eraginkor bihurtzeko eta taldea sortzeko zailtasuna da.

Alde ona da, ordea, etengabe jende gaztea sartzen dela, eta aurreneko soldatapeko lana dela askorentzat. Lan merkatuaren barruan, ez da lan berezi bat zinema-areto honetakoa, bestelako sektoreetako beste edozein kate handitan aurki ditzakegun lanen antzekoa da (denda edo janari kate handiak, kasu), baina gutxiago ordaindutakoa. Orduan, hemen hasten direnek pentsatzen dute, errealki, guztia galduta dagoela hasten direnerako, eta ez dutela askoz ere gehiago galduko. Errazagoa izan daiteke hala kontzientzia sortzea. Esaten diegu lankideei: “begira, lan merkatuan antzeko alternatibak izango dituzu, hobeto ordaindutakoak, baina hemen gaude orain eta goazen hemen borrokatzera”. Lan mota hauetan, askori ez zaie mundua gainera erortzen lana galtzean, zoritxarrez, antzekoak aurkitzea errazagoa izan ohi delako. Hori bada probesten saiatzen garen faktore bat.


Nola jaio zen, hortaz, Itaroa guneko zinema-aretoko langileen borroka? Nola jarri zenuten martxan?

Duela hiru urte egin genituen hauteskunde sindikalak, hemengo problematikari heltzen hasteko eta lan prekarizatuari aurre egiteko. Duela bi urte, abuztuan, greba bat aurrera eramaten saiatu ginen, baina enpresak jokaldi makurra egin zigun. Hasiberrien modura, xaloegi izan ginen. Gogoan izan behar dugu multinazional baten aurrean gaudela; talde juridiko oso bat du, lan harreman talde bat, giza baliabide talde bat. Orduko hartan, greba deitu genuen lan baldintza duinen defentsan, eta enpresatik esan ziguten greba bertan behera utziz gero gurekin eseriko zirela eta negoziazioa irekiko zutela. Deialdia atzera botatzea erabaki genuen, beraz. Ia urtebete igaro zen, eta ez ziren gurekin harremanetan jarri.

Iazko apirilean, grebara jo genuen berriro, eta egin genuen. Historikoa izan zen guretzat, Itaroan inoiz ez baita grebarik egin edota antzeko dinamikarik aurrera eraman, are gutxiago zineman. Grebaldi indartsua izan zen, urteko estreinaldi handi batekin bat etorri zena. Estrategikoki hautatu genuen une hori, bagenekielako jende asko bertaratuko zela; 4.000 pertsonatik gertu egunean. Min handia egitea lortu genuen.

Handik aurrera, enpresarekin hitz egiten saiatu ginen berriz, baina berdina izan zen. Pertsona horiek zerbait soberan badute dirua eta baliabideak dira, eta pikutara bidali gintuzten hasieratik. Hilabeteak pasatu ziren, eta halako batean jakin zuten mugitzen hasiak ginela berriro. Guk hori ere nahi genuen; haien belarrietara iristea beste planto bat egitearen aukera. Hariak mugitu zituzte, eta hainbat hilabetez negozazioetan murgildu ginen.

Enpresaren giza baliabideen arlokoekin aritu ginen, eta akordio lokal moduko bat erdiesten saiatu ginen, nolabaiteko enpresa itun bat. Herrialde mailan edota estatu mailan hitzarmena adosteko aukerak oso mugatuak direnez, larritasuneko hainbat puntu barnebiltzen zituen itun bat lortzen ahalegindu ginen; adibidez, soldata, baimenak zein jaiegunak adosteko, gure eta gure lan baldintzen mesederako. Hilabetez egon ginen negoziatzen, eta ezer ez. Ez genuen puntu bat ere hitzartu; izan ere, planto egin genuen guretzat gutxienekoa zen baldintza bat atzera bota zutenean. Kontsumo Prezioen Indizeak gora egin duen arren, gure soldatak ez dira igo. Indizearen azpitik gaude, %17 beherago. Enpresak gure soldatak %3 igotzea baino ez zigun eskaini. Beraz, elkarrizketetan aurrera egiten saiatu ginen, beste gai batzuk ukitzen, baina esan ziguten soldataren auzia itxi behar genuela lehenengo.

Hilabete eman genuen eztabaidarekin, eta ez genuen akordiorik lortu. Soldataren gaineko ehunekoa igotzea baino, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatatik hainbat osagarri ateratzea lortu nahi genuen; esaterako, antzinatasuna edota gauekotasuna. Hala, gutxieneko soldata igoz gero, gehigarri batzuk eduki ahalko genituen. Ezezko borobila eman ziguten. Hortaz, beste estreinaldi potolo baterako egin genuen greba deialdia, abenduaren 19rako.


Zer ikasi duzue borroka prozesuan zehar?

Zinema-aretoan elkartu aurretik, bakoitzak bere aldetik, norbanako batzuek bagenituen aurretiaz hainbat ezagutza. Lehendik militantea izan den jendea badago hemen lanean, eta oinarri hori babes handia izan da guretzat; batez ere, taldea aurrera eramaten saiatzerakoan, jendearekin hitz egitean, edota borroka bideratzeko erabakiak hartu behar izan direnean. Esaterako, nik Ikasle Abertzaleak antolakundean militatu nuen oso gaztetatik, eta urteak egin nituen bertan. Orain, asko ohartzen naiz, garai gartan, oinarriko militantzian arituta ikasi nuenaz. Gauzak mugitzearen zentzua, sentimendua eta asmoa barneratzen dituzu, baita borrokak aurrera eramatekoa ere. Ibilbide horrek eragin handia izan du nigan.

Itaroako borrokan, zehazki, uste dut garrantzia berezia duela klase sindikatu baten garapenak eta haren sustengua izateak, eta oinarrian lan asko egiten duen eta egiten dakien jendea izateak. Azken hilabeteetan, niretzat harrigarria izan da orotariko lankideak izanik, familia eta jatorri desberdinekoak, eskola desberdinekoak, ibilbide desberdinekoak -askok eta askok ez dute aurretiaz inolako harremanik izan borroka sindikalarekin edota bestelako mugimenduekin oro har- ikustea, azkenean, gehienek esaten dutela borroka prozesu hauekin nolabaiteko kontzientzia bereganatzen ari direla, eta arazoei aurre egin ahal zaiela ohartu direla. Duela denbora gutxi inola ere ukituko ez lituzketen gaietan sartu direla ikusten dute, pentsaezina zitzaien inplikatze mailarekin.

Gizarteak hain barneratuta du gauzak egitea zaila denaren diskurtsoa, langile borrokak ezertarako balio ez duenaren ideia, horrekin apurtzea ikaspen eta irakaspen bat dela beti. Erakusten ari gara batasunaren bidez, lanaren bidez, kontzientziaren bidez, gauza asko atera ditzakegula aurrera, gauza eta borroka benetan eraginkorrak. Ikaragarria litzateke gainontzeko zinemetako langileek Itaroan egiten ari garena ikustea eta eredu izatea.

Gure soldatak %5 igo zituen Yelmok duela gutxi, eta enpresakoek esan zuen aldebakartasunez egin zutela hori. Nahi bezainbestetan esan dezakete aldebakartasunez hartu dutela erabakia, baina guk soberan dakigu langileok egindako presioaren ondorio izan dela neurria. Inork ez digu inoiz ezer oparituko, eta are gutxiago aldebakartasunez eta atseginez. Asko dago egiteko oraindik, asko dugu aurretik.