AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/17 13:41

Aste honetan, gutxienez zortzi indarkeria matxista kasu salatu dituzte Euskal Herrian. Bart goizaldean bi salaketa izan dira, Santurtzin (Bizkaia) eta Donostian (Gipuzkoa). Aurreneko kasuari dagokionean, emakume batek jakinarazi du bera eta bere alaba kolpatu dituela senarrak "eztabaida" baten ostean. 55 urte ditu erasotzaileak, eta atxilo eraman dute.

Bestalde, goizaldean gizonezko bat atxilotu dute Gipuzkoako hiriburuan. Haren bikotekideak azaldu du hainbat urte daramatzala tratu txarrak jasaten, fisikoak nahiz psikologikoak. Gizonak "arma labur" batekin mehatxu egin izan diola ere adierazi du emakumeak, eta hura atxilotzean, bien etxebizitzako ohe baten azpian aurkitu dute arma. "Etxeko indarkeria" leporatu diote emakumeari ere, gizonezkoak zituen zauri batzuk zirela eta.

Erandion (Bizkaia) ere bikotekideak egindako eraso jarraituak salatu zituen atzo, osteguna, emakume batek. Besteak beste, irainak eta heriotza mehatxuak aipatu ditu. 49 urteko erasotzailea atzematean, su arma bat zuela ikusi zuten poliziek.

BI ERASO TOLOSALDEAN

Tolosaldean (Gipuzkoa) bi erasoren berri eman dute azken egunetan. Batetik, pasa den ostiralean gertatu zen eraso bat Bidania-Goiatzen, eta bestetik, atzo, Zizurkilen indarkeria matxista kasu baten berri izan zuela jakinarazi zuen udalak.

Kasu gehiago ere atera dira argitara azken egunetan: Deustun (Bilbo, Bizkaia) eraso matxista bat salatu dute, Azkainen (Lapurdi) aurreko igandean emakume bati eraso egin zioten, eta Iruñean (Nafarroa), tratu txarrak salatu dituzte bi etxetan.