AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ilunion Euskalduna garbiketa zentroko langileak. Argazkia: @jotabe1963
2021/01/04 12:21

Ilunion Euskalduna enpresako beharginek greba eta mobilizazio aldia hasi dute gaur goizean Bilbon (Bizkaia), enpresako zuzendaritzak 49 langile kaleratuko dituen enplegu-erregulaziorako txostena aurkeztuko baitu. Hori dela eta, urtarrilaren 5ean, 7an eta 8an elkarretaratzeak egingo dituzte Gurutzetako Ospitalearen eta Ilunion hotelaren atarietan, kaleratzeak salatzeko.

Enpresako langile batzordeak adierazi duenez, zuzendaritzak pandemiaren argudiopean kanporatu nahi ditu 49 beharginak.

ATZERA GATAZKAN

ONCE Taldeko Ilunion enpresak, besteak beste, aniztasun funtzionala duten pertsonak lan-merkatuan sartzen laguntzen duen enpresa gisa aurkezten du bere burua. Sarri salatu dira, baina, lanpostu horietako lan-baldintzak: soldata urriak, gehiegizko lan-orduak nahiz infantilizazioa.

Ilunion Euskalduna garbiketa zentroan, esaterako, Gurutzetako Ospitaleko ehunen garbiketa egiten zuten 2014tik, baina kontratu hori 2020ko azaroaren 30ean amaitu zen. Kontratu horren bidez, Ilunion Euskaldunak 1,6 milioi euro irabazten zituen urtean.

Gurutzetako Ospitaleak beste enpresa bat kontratatu du orain zerbitzu hori gauzatzeko, eta Ilunion Euskaldunak, antza, kaleratzeekin erantzungo die aldaketa horri.