AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/12 18:57

Atzo, urtarrilak 11, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Uribarri auzoko (Bilbo, Bizkaia) Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar enpresaren aurrean, Bilboko Langile Autodefentsa Sareak (LAS) enpresako langile batekin batera aurrera daraman borrokaldiaren harira. Protesta hasi eta gutxira, pertsona bat atera zen lantokitik, eta kontzentrazioan parte hartzen ari zen jendea grabatzeari ekin zion sakelako telefonoaren bidez, protestan zeuden lagunen oihuen artean. "Gora langileon borroka" edo "Limpiezas Arana, ordaindu zor duzuna" izan ziren leloetako batzuk.

Elkarretaratzean zehar, lan-gatazkaren nondik norakoak azaldu zituzten LASeko kideek, kaltetutako beharginaren lan-baldintza "jasangaitzak" xehatzearekin eta "irmoki" salatzearekin batera. Horretaz gain, adierazi zuten enpresaburuak salaketa jarri berri diela borrokan den langileari eta LASeko kide bati.

Kontzentrazioaren bukaeran, Ertzaintzaren hainbat auto eta furgoneta bertaratu ziren. Poliziak manifestariak inguratu, enpresako jabeekin hitz egin, eta mobilizazioan parte hartzen ari ziren hainbat kide identifikatu zituen.

LASeko kideek prentsaurrekoa egin zuten duela egun gutxi, Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar enpresako lan-gatazka dela-eta.