AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ataria
2019/07/12 18:26

2018. urteko abuztuan, Ibarrako (Gipuzkoa) Fudike galdategiko langile bat hil zen, biriketako minbiziak jota. Beharginak 17 urte egin zituen enpresan; Tolosako (Gipuzkoa) lantokian lehenengo, eta Ibarrakoan gero.

Langilearen izenean, CCOO sindikatuak minbizia ikertzeko eskatu zion Osalani, lanbidearekin zerikusia izan zezakeelakoan. "Langileak bere lana nola egiten zuen azaldu zuen eta antzeko gaixotasunak pairatu zituzten lankideen berri eman zuen", azaldu du sindikatuak. Dena den, enpresak aurkeztu zituen agiriak, langileen segurtasunaren eta osasunaren ingurukoak alegia, zaharkituta zeuden. 2012. urtekoak edo lehenagokoak ziren.

Fudikek baieztatu badu ere prebentziorako neurriak hartu izan dituela, ezin izan dute egiaztatu, eta ezin izan dute zehaztu zenbat silikato-hauts zegoen lantokiko airean. Hala, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak aitortu berri du lanbide-jatorria zuela Ibarrako beharginaren heriotza eragin zuen biriketako minbiziak.

Silikato zenbatekoak eta alarma

Osalanek esan du ez direla "egokiak" galdategiko silikato zenbatekoak. Hainbat neurketa egin zituzten 2013-2017 bitartean, eta CCOO sindikatuak adierazi duenez, guztiek eman zuten "onargarria ez zen kopurua". 

Ekoizpen gune bakarra dago lantegian, baita aireztatze sistema bakarra ere. Gainera, Osalaneko teknikaria azterketa egitera bertaratu zen egunean, sistemak ez zuen aireztatzen. Bestalde, zentralak adierazi du ez dela kromo edota nikel neurketarik egin oraindik.