Iñaki Bilbao presoari bisitak izatea galarazi diote, eskuburdinekin lotuta egoteari uko egiteagatik

Puerto III-ko kartzelan dute preso Iñaki Bilbao lezamarra. Hemendik aurrera, isolamenduan dauden presoek galeriatik eskuburdinak jarrita atera beharko dutela jakinarazi zioten pasa den asteartean. Bilbaok uko egin zion neurri horri, eta hala, ezingo ditu senideen eta lagunen bisitak izan.
Argazki Nagusia
Argazkia: Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua
2019ko maiatzaren 30a

Puerto III-ko (Cadiz) espetxean dute atxilo Iñaki Bilbao Txikito lezamarra. Preso politikoak bere hurbilekoei azaldu dienez, pasa den asteartean kartzelako Segurtasun Zuzendariordearen bisita izan zuen. Hala jakinarazi zioten espetxean martxan jarri duten neurri berria: hemendik aurrera, isolamendu moduluan dauden preso guztiek eskuburdinekin lotuta irten beharko dute galeriatik, bisitetara barne.

Bilbaok uko egin zion neurri horri, eta beraz, hemendik aurrera ezingo ditu senideen edota lagunen bisitak izan. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaldu duenez, 10 galeria daude isolamendu moduluan, eta erizaindegira joateko baino ez dira irteten bertatik. Bisitak moduluan bertan izaten dituzte. Beraz, Puerto III-ko espetxeak eskuburdinen neurria "segurtasun arrazoiak" argudiatuta hartu izana "aitzakia" dela adierazi dute: "Aitzakia diogu, isolamendu galeriak benetako bunkerrak direlako".

35 urte baino gehiago kartzelan

Espetxean urte gehien daramatzan euskal preso politikoa da Iñaki Bilbao, 35 urte baino gehiago egin baititu atxilo dagoeneko. 18 urte eta erdikoa izan zen bere lehenengo espetxealdia; bigarrena ari da betetzen orain, 17 urte momentuz. Duela bi urte ezarri zioten lehenengo graduaren lehenengo fasea, "kartzelan aplikatu daitekeen gogorrena". Hilabete batzuk geroago, lehenengo graduaren bigarren fasea ezarri zioten, eta hiru hurkorekin harremana izatea ere debekatu zioten.

Puerto III-ko "sarraski espetxea"

Bestalde, Puerto III-koa "sarraski espetxea" dela salatu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, "ireki zuten unetik". "Euskal preso politikoekin esperimentatzeko erabili dute hasieratik. Ezarritako erregimena sobera ezaguna da bere gogortasunagatik, eta bertako kartzelariak, beren jarrera militante faxistagatik". 2010. urtean Arkaitz Bellon elorrioarra, gerora Puerto I-eko kartzelan hilda agertu zena, Puerto III-ko espetxean jipoitu zutela gogorarazi dute.

"Kartzela pertsona apurtzea eta preso politikoek bere militantziari uko egitea bilatzen duen instituzio bat dela ezin argiago erakusten duen adibidea da Puerto III-koa", gehitu dute.