AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Eskalatzaileak Sutan plataformak egindako elkarretaratzea. Argazkia: Hala Bedi
2019/07/12 10:49

Gasteizko (Araba) udal rokodromoetako hiru langile kaleratu dituzte. Hala jakinarazi du Hala Bedi irratiak. Gasteizko Udalak duela hilabete pasa ireki zituen berriro rokodromoak, zerbitzuetan hainbat aldaketa egin ostean. Eskalatzaileak Sutan plataformako kideek nahiz hainbat erabiltzailek zerbitzuetan nabarmendutako aldaketak salatu dituzte.

Plataformaren arabera, zerbitzuaren kalitatearen kaxkartzea nabarmena izan da. Hori dela eta, kuoten prezioak igo izana eta rokodromo zerbitzuaren ordutegia murriztu izana salatu dute Eskalatzaileak Sutaneko kideek. Azaldu dutenez, Gasteizko Udalak Ebone Servicios Educativos y Deporte SL enpresaren eskuetan utzi du rokodromoen kudeaketa, eta horrek ekarri ditu hiru langileen kaleratzeak, "subrogatuak izan ez direlako".

Hala, Gasteizko Udalaren jarrera gaitzetsi dute: "Badirudi erakundeak gatazka amaitutzat ematen duela, baina eskalatzaileok argi daukagu ez dugula rokodromoen kudeaketa edonolako baldintzetan onartuko. Udalak ez digu galdetu izan zeintzuk diren erabiltzaileon beharrak". Era berean, plataformako kideek instalazio publikoen "kudeaketa zuzena" aldarrikatu dute: "Zerbitzu publiko batek prekarietate maila hau izatea onartezina iruditzen zaigu, eta ez dugu inolaz egoera hau onartuko. Hau ez da gure instalazio publikoentzat nahi dugun kudeaketa".