Hamabost atxilotu atzo Santurtzin, Voxen ekitaldi baten aurkako protestan

Atzokoan ere Vox alderdiko kideak babestu eta protestan zeuden ehunka lagunen aurka egin zuen Ertzaintzak. 15 pertsona eraman zituen atxilo, eta dirudienez, goizaldean hasi dira aske geratzen, bermea ordainduta.
Argazki Nagusia
Argazkia: El Correo
2020ko irailaren 4a

Atzorako, irailak 3, Voxek ekitaldi politiko bat antolatu zuen Santurtzin (Bizkaia). 17:00etarako aurreikusi zuten agerraldia; hain zuzen, "mahai informatibo bat" alderdiko idazkari orokor Javier Ortega Smithen eskutik.

Ekitaldia Santurtziko parke inguruan egitea zen Voxeko kideen asmoa. 17:00ak baino lehen, baina, ehunka pertsona elkartu ziren bertan, Ez dira pasako izenpean egindako deialdiari erantzunez, Voxen aurka protesta egiteko. "Alde hemendik" edota "Euskal Herria antifaxista" aldarriak izan zituzten ahotan, eta besteak beste, arratsaldean zehar, kalean edukiontziak gurutzatu zituzten protestan zeuden hainbat pertsonak.

Udaren hasieran Voxen mitinetan gertatu bezala, Ertzaintza ere bertaratu zen, alderdiko kideak babesteko. Plaza inguratu zuen, eta aurrekoetan egin modura, gogor egin zuen protestan zeudenen aurka. Ertzainek 15 pertsona atxilotu zituzten guztira, eta antza, "desordena publikoak eragitea" leporatu diete. Berria-ren arabera, bermea ordainduta, aske geratzen hasi dira goizaldean.