AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: La Directa
2019/10/17 10:58

Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean jakinarazi zituen Kataluniako erreferendumaren auzian epaitutako kargudunen aurkako zigorrak, eta ebazpena argitaratu bezain pronto piztu zen erantzuna kaleetan. Atzo izan zen hirugarren mobilizazio eguna; besteak beste, CDR Errepublikaren Aldeko Komiteek deituta, manifestazio jendetsua egin zuten arratsaldean Bartzelonan. Hala, Marina eta Gran Via kaleetan barrena ibili ziren milaka pertsona, Poliziaren indarkeria salatzeko. Gero, gauera arte luzatu ziren protestak, eta barrikadek zein suek hartu zituzten hiriburuko hainbat txoko. Beste zenbait tokitan ere kalera atera ziren milaka manifestari; esaterako, Tarragonan.

Atzo ere gogor oldartu ziren indar polizialak protestan ari zirenen aurka, eta ez du etenik zaurituen zein atxilotuen zenbatekoak. Larrialdi zerbitzuetan gutxienez 96 pertsona artatu behar izan zituzten atzo, haietako 57, Bartzelonan. Larri dago zaurituetako bat, eta ikusmen gaitasuna galdu du beste batek. Begi batean kolpatu zuten; kornea hautsi zioten, eta aurpegian ere baditu kolpeak. Dena den, oraindik ez dute kolpearen jatorria jakinarazi. Astelehenean Prat aireportuan izan ziren protestetan, manifestari batek begi bat galdu zuen, polizia batek emandako kolpearen ondorioz. Ustez, gomazko pilota bidezko erasoa izan zen.

Bestalde, egoera larrian egon da beste manifestari gazte bat ere, mossoen furgoi batek harrapatuta, Tarragonan. 17 urte ditu ustez, eta traumatismoak ditu garezurrean eta entzefaloan. Astelehenetik hona, 352 pertsona zauritu ditu Poliziak Katalunian, La Directa atariaren arabera.

Lau espetxeratu, bermerik gabe

Protestak hasi zirenetik atxilotu ugari izan dira Katalunian (La Directa-ren arabera, 66 izan dira). Atzo gauean 33 pertsona atxiki zituzten, eta asteartean, mossoek lau pertsona atxilotu zituzten Bartzelonan. Bermerik gabe espetxeratzeko eskatu zuen fiskaltzak, eta hala, eskaerari men egin eta behin-behinean kartzelan sartzea erabaki du epaileak. Desordenak, atentatua eta zauri arinak eragitea leporatu diete, Berria-ren arabera.

Lau atxilotuek atzo agertu behar izan zuten epailearen aurrean. Generalitatak jardun du auzipetuen aurkako akusazio partikular modura, eta "zauritutako mossoen ordezkari" gisa. Atxikitako hiru kide espetxean sartzea eskatu zuen akusazioak, baina 2.000 euroko bermearen truke aske geratzeko aukerarekin. Dena den, fiskaltzarekin bat egin du epaileak, eta bermerik gabe espetxeratu ditu lau atxilotuak, "ihes egiteko arriskua" dagoelakoan. Dirudienez, bederatzi urtera arteko espetxe zigorrak eskatu ditzakete haien aurka.