Greba egingo dute abenduaren 3an Tubacexeko langileek

Datorren ostegunean greba eguna izango dute Tubacexeko langileek, enpresak iragarritako 150 kaleratzeen aurka. Batzar Nagusien eta Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo dute goizean, bertan hartuko baitute hitza langileek.
Argazki Nagusia
2020ko azaroaren 27a

Tubacexek Amurrion (Araba) eta Laudion (Araba) dituen lantegietako beharginek greba egingo dute hurrengo ostegunean, abenduak 3. Goizeko 06:00etan hasi eta gauerdian amaituko dute lanuztea. Elkarretaratzea egingo dute 10:00etan Gasteizko (Araba) Batzar Nagusien eta Eusko Legebiltzarraren aurrean; izan ere, Batzar Nagusietan hartuko dute hitza langileek.

Mobilizazio eta lanuzte ugari egin dituzte beharginek azkeneko hilabeteetan, enpresako zuzendaritzak kaleratze masiboak iragarri ostean. Amurrion eta Laudion, hain zuzen, 150 langile kanporatuko dituzte.