Gora doa Covid-19 birusa dutenen kopurua zaharren egoitzetako langileen artean

Adinekoen egoitzetako langileen artean, koronabirusak kutsaturikoen kopurua goruntz doa. Egunerokotasunean bizi dituzten lan baldintzak salatu dituzte beharginek, eta besteak beste, Covid-19aren hedapenaren aurrean duten baliabide falta nabarmendu dute. Langileez gain, egoitzetako adineko pertsonak ere bereziki egoera zaurgarrian daude egun. Bitartean, geldirik daude sektoreko lan baldintzen hobekuntzaren aldeko borrokak; Gipuzkoan, 243 eguneko greba eten dute.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 24a

Euskal Herrian Covid-19 birusak jotako pertsonen kopurua gora doan heinean, adinekoen egoitzetan lan egiten dutenen artean ere gero eta gehiago dira kutsatutakoen kasuak. Nafarroan, adibidez, sektore horretako 4.000 langileetatik 86 daude eritasun bajan, birusaren sintomekin. Bizkaian, erresidentzietan aritzen diren 12 beharginek dute koronabirusa, eta isolamenduan daude beste 52.

Egoeraren aurrean, sektoreko langileak behin eta berriz kexatu dira; lan karga gehiegizkoa pairatzen ari direla eta zaintza egoki baterako baliabideak falta zaizkiela salatu dute hainbat hedabidetan. Adostutako lan-orduetatik kanpo ere jardun behar izaten dute, eta "kaos egoerak" bizi dituzte zentroetan. Maskarak eta bestelako oinarrizko segurtasun baliabideak falta direla azaltzeaz gain, kutsatutako adinekoak bakartzeko baliabide falta azpimarratu dute. Bestalde, esan dute eurei ez dietela gaitza atzemateko frogarik egin.

Adinekoak egoera zaurgarrian

Adineko pertsonak dira Covid-19 birusari aurre egiteko zailtasun gehien dituzten pertsonak, eta zaintzen dituzten pertsonekin duten dependentziak asko zailtzen du adinekoak kutsatze arriskutik aldentzea. Hala, egoitzetako eta erietxeetako baliabide eskasiaren ondorioz, bereziki egoera zaurgarrian daude. Gasteizko (Araba) San Martin erresidentzian adineko 11 pertsona hil dira jada birusaren eraginez.

Euskal Herrian oraindik kasurik identifikatu ez badute ere, Espainiako Estatuko hainbat egoitzetan egoiliarrak erabateko abandonu egoeran daudela atera dute argitara azken egunetan; tartean, hainbat hilotz ere aurkitu dituzte.

Egoitzetako borroka luzeak geldirik

Adinekoen egoitzetako baliabide falta eta beharginen lan baldintza negargarriak ez dira egun batetik besterako kontuak. Horren adierazle dira sektore horretan azken urteetan piztutako borrokak.

Covid-19 birusaren agerpenarekin, ordea, langileek eten egin dituzte lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokak. Gipuzkoan, esaterako, eten egin dute 243egun bete dituen grebaldia. Hiru aldarrikapen nagusi barnebiltzen ditu borroka horrek: azken bi urteetako soldatak igotzea, "partzialtasunean eta prekarietatean" dauden langileen %50 baino gehiagoren egoera hobetzea, eta soldata-arrakalari aurre egitea (6.000 eurotik gorakoa da).