AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Greba eguneko mobilizazioa. Argazkia: @ArtiumBorrokan
2020/09/14 17:32

Gasteizko (Araba) Artium museoko arreta zerbitzuko langileek salatu dutenez, Arabako Foru Aldundiak eta museoak oraindik ez dute aurreko astean erdietsitako aurreakordioa sinatu. "Akordio horrekin, museoak gure zerbitzua esleitzeko baldintza-agiri berria egiteko gure iritzia kontuan hartzeko konpromisoa hartzen zuen, eta guk greba mugagabea bertan behera uzteko konpromisoa hartzen genuen", jakinarazi dute langileek. Izatez, bihartik aurrera greba mugagabea egitekoak ziren.

Adierazi duten bezala, haiek "prest" daude edozein momentutan Artiumeko arduradunekin biltzeko. Dena den, argi utzi dute, duela hiru egun greba deialdia bertan behera utzi arren, gertaera berri hauek direla-eta, ez direla betetzen deialdia bertan behera uzteko baldintzak.

Gainera, museoko zuzendaritzak haien kontrako neurriak hartu dituela ere salatu dute. "Hemendik aurrera, aretoak zaintzen ditugun langileok, erakusketetan dauden ikus-entzunezko artelanak piztu eta itzali behar ditugu. Erabaki horrekin zerbitzuaren kalitatea are gehiago kaltetzen da. Aretoak piztea eta itzaltzea hainbat minutu daraman zeregina da, beraz ezinezkoa izango da txanda bakoitzeko lehenengo minutuetan sartzen diren bisitarientzat erakusketak prest egotea".

MURRIZKETEN ETA KALERATZEEN AURKAKO GREBA

Uztailetik hona hainbat mobilizazio egin ondoren, arreta zerbitzuko langileek grebara jo zuten irailaren 4an, 9an eta 11an, "enplegu suntsiketa eta murrizketak" salatzeko. Izan ere, zerbitzuaren lizitazio berriaren oinarriek bost lanpostu gutxiago eta lanaldi murrizketak eragiten zituzten.