Garraiolari bat eraila Tafallan, errepidetik irten eta trenbidera erorita

07:15 aldera izan da lan-istripua, eta erorketaren ondorioz hil da behargina. Aurten gutxienez hamalau langilek galdu dute bizia soldatapean lanean ari zirela.
Argazki Nagusia
Argazkia: Foruzaingoa
2021eko apirilaren 3a

Beste lan-heriotza bat izan da gaur errepidean. 07:15 aldera lan-istripua izan du garraiolari batek, AP-15 autobidean, Tafallan (Nafarroa): antza, errepidetik atera eta trenbidera jausi da langilea. Erorketaren ondorioz zendu da.

Martxoaren 20an beste garraiolari batek galdu zuen bizia Nafarroan: Zuastiko (Nafarroa) zerbitzugunean geldirik zegoela, su hartu zuen ibilgailuak, eta kiskalita hil zen behargina.

Urtea hasi zenetik, gutxienez hamalau lan-heriotza izan dira Euskal Herrian. Hego Euskal Herriko hainbat sindikaturen esanetan, 2020an gora egin zuten lan-istripu hilgarriek. Iaz gutxienez 72 langilek galdu zuten bizia soldatapean lanean ari zirela.