AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/13 11:13

Apirilaren 9an, osteguna, indargabetu egin zuten Espainiako Gobernuak "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa" eteteko ezarritako agindua. Hala, bi asteko geldialdiaren ostean, bihar lanera itzuli beharko dute milaka langilek, eta muga bakarrak, martxoaren 14an indarrean sartu zen alarma egoerak barne-bildutakoak izango dira.

Hortaz, duela bi asteko egoerara bueltatuta, bihartik aurrera honako sektoreak egongo dira martxan, besteak beste: garraio publikoa (murriztuta baldin bada ere); industriaren gehiengoa (modu mailakatuan); osasun, segurtasun, telekomunikazio eta aduana jarduerak; elikagaien ekoizpena, horniketa eta banaketa eta argindarraren, petrolioaren eratorrien eta gas naturalaren horniketa; zabor bilketa eta ur hornikuntza; segurtasuna, mantenua, konponketa eta garraioa; justizia administrazioa, eta abar. Jarduera horietako batzuk azken bi asteetan ere ez dira eten.

Espainiako Gobernuak martxoaren amaieran "nahitaezkoa ez den jarduera" geratzeko neurria onartu zuenean, zehaztu zuen langileek "galdutako" lan-orduak "berreskuratu" beharko dituztela behin lantokiak berriz irekitzean.

Industria handia abian

Bihar ateak irekiko dituzten industria-enpresa handien artean daude Gasteizko (Araba) eta Lasarte-Oriako Michelin, Basauriko (Bizkaia) Sidenor, Basauriko eta Usansoloko (Bizkaia) Bridgestone, edota Berantevillako (Araba) Aernnova.

Beste enpresa batzuetan, aldiz, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako "zirrikitua" baliatuta, jarduerarekin hasiak ziren dagoeneko. Horixe da Amurriko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) Tubos Reunidos lantokien kasua, nahiz Amurrioko eta Laudioko (Araba) Tubacex fabrikena. Apirilaren 1ean hasi ziren lanean beharginak.

Langileen segurtasuna kolokan

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak jarduera-gida bat sortu du, EAEko lantegietan bihartik aurrera bete dadin. Dena den, ELA eta LAB sindikatuek salatu dute "gabezia larriak" dituela gidak, eta "bigarren mailan" uzten duela langileen osasun eta segurtasuna.