AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Naiz
2019/10/08 13:51

Uztailaren 30ean kaleratu behar zuten Barakaldoko (Bizkaia) familia bat etxetik, baina kaleratzea atzeratzea lortu zuten, epaitegi batek bi hilabeteko luzamendua ezarrita. Hala, alokairuzko etxebizitzan bizitzen jarraitu dute 41 urteko emakume batek eta 15 eta 6 urteko haren bi semeek, baina jakinarazi dutenez, datozen egunetan botako dituzte bertatik. Ezin dute alokairu soziala ordaindu; beraz, etxebizitzatik kaleratzea eskatu du Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak.

Argitan eta Berri Otxoak elkarteek azaldu dutenez, Barakaldoko Udalaren gizarte baliabideetako arduradunekin, Jaurlaritzaren Etxebizitza Zerbitzuarekin, edota Etxebide sozietatearekin jarri da harremanetan etxegabetzea geratzen saiatzeko edota beste irtenbideren bat bilatzeko, baina gaur gaurkoz, ez dago erantzunik mahai gainean, eta martxan da etxe kaleratzea.

Bestalde, gogorarazi dute etxegabetzeak ekiditeko protokoloa sortu zutela 2013. urtean Jaurlaritzak, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Botere Judizialen Kontseilu Nagusiak. Iragan otsailean berritu zuten. Protokoloan jaso zutenaren arabera, gizarte zerbitzuek "berehalako premiazko erantzuna" eman behar diote kaleratzeko arriskuan dagoen eta baliabide ekonomikorik ez duen edozein familiari, baita etxebizitza bat lortzea bermatu ere. Gainera, azpimarratu dute genero indarkeria jasan zuela etxetik botako duten emakumeak.