AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Mont-de-Marsango espetxean, UVF edo familia-bisita unitateetara sartzeko gunea. Argazkia: OIP
2021/02/24 11:34

Frantziako Estatuak hartutako neurriek are gehiago zaildu dute han dauzkaten presoak bisitatzeko aukera. Etxeratek salatu du PCR negatibo bat eskatzen dietela Hego Euskal Herriko bisitariei, eta aurrekoez gain, nabarmen igotzen duela horrek bakoitzak ordaindu beharreko gastua. "PCR garestien ordez, espetxeetara iristean test azkar eta doakoak egitea eskatzen dugu", azaldu du.

Gainera, itxi egin dituzte espetxe barruko UVF (familia-bisitentzako unitateak) izeneko guneak. "Adingabe, seme-alaba eta zuzeneko senide askok ezin dituzte beren zuzeneko senideak bisitatu", salatu du Etxeratek, eta gune horiek "osasun-baldintza egokietan" berriz zabaltzeko eskatu du.

Azkenik, gaitz larriekin preso dituztenak eta 65 urtetik gorakoak askatzeko galdea egin dute berriz; hala nola, Ibon Fernandez Iradi eta Jon Gurutz Maiza, eta Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal.

"Espetxe barruan beste espetxe bat"

Espainiako Estatuan egoera ez da hobea. "Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz", esan du ohar bidez senide eta lagunen elkarteak: "Espainiako espetxeek ia hilabete daramate blindatuta eta komunikazio eta lekualdatze guztiak bertan behera utzi dituzte".

Etxeratek gogorazi du arrisku taldean daudela presoak, eta NBEk, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala, pandemiaren testuinguruan "egoera asko hobetuko litzatekeela preso asko, osasunerako eta bizitzarako duten eskubideagatik, libre utziko balira". Zigorren hiru laurdenak beteak dituztenak, gaitz larri eta sendaezinak dituztenak, 70 urtetik gorakoak nahiz 20 urtetik gora preso daramatenak jarri dituzte adibidetzat.

Bide horretan, etzi, hileko azken ostiraleko mobilizaziotan parte hartzera deitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK