Etxegabetu dituzte Olarizuko etxebizitza okupatuetako azken bizilagunak; guztira, 200 pertsona kaleratu dituzte

Gasteizko Udalak gaur burutu du Olarizuko etxebizitza okupatuak husteko prozedura luzea. Guztira 200 lagun inguru kaleratu dituzte prozesu horretan, "setioa" erabilita, Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez. Kaleratze horien harira, sindikatuko kideek "legedi burgesa", "burgesiaren esku hartze kulturala" nahiz "politika parlamentarioa" seinalatu dituzte, besteak beste.
Argazki Nagusia
Argazkia: Gasteizko Etxebizitza Sindikatua
2021eko ekainaren 8a

Gasteizko Udalak emana zuen jada Olarizu auzoko etxebizitza okupatuak "borondatez" uzteko agindua, eta ekainaren 7a zen horretarako azkeneko eguna. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ekainaren 3an esan zuen berehala hustuko zituztela etxebizitzak, gaurko egunera arte han bizi izan diren pertsonak etxegabetuta. Hala, Gasteizko Udaltzaingoa, Ertzaintza eta udaleko langileak goizean goiz bertaratu dira Olarizura, eta sarbideak itxi ostean, bizilagunak haien etxeetatik kaleratzeari ekin diote.

"Gaur, urteetako presio polizial, mediatiko eta judizialaren ostean, Gasteizko Olarizu auzoa guztiz hustu du udalak", adierazi du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. Hainbat iturriren arabera, gaur sei eta 25 pertsona artean izan dira kaleratuak, baina Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, guztira, 200 pertsona inguru kanporatu dituzte desalojo prozesu luzea hasi zenetik.

ERAISTEAREN AZKEN TXANPA

Bizilagun guztiak kanporatu eta gero, aurrera doaz Olarizuko etxebizitzak hormatzeko eta eraisteko lanak, udalak hala aginduta. Izan ere, duela hamar urte jarri zuten martxan Olarizuko etxebizitzak eraisteko plana, Arabako hiriburuko hirigintza planaren barruan. Bost hilabeteko epean botako dituzte eraikinak, aurreikuspenen arabera.

Gaur arratsalderako protestara deitu du Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak. 17:30ean jarri dute hitzordua Olarizu hiribidean.

ETXEGABETZEEN OINARRIAN

"Olarizu auzoa bizilekua izan da ia zortzi urtez beste aukerarik ez duten hainbat pertsonarentzat. Gasteizko Udalak, ordea, auzoa husteko erabaki irmoa zuen", esan dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Hiru arrazoi nagusirekin lotu dute hori.

Batetik, "legedi burgesaren ohiko funtzionamenduaren isla" dela salatu dute: "Legedi burgesaren funtsa jabego pribatuaren mantenua eta defentsa den heinean, legearen ohiko aplikazioa litzateke okupaturiko jabetzen berreskuratzea. Gizarte burgesaren dominazio forma erreproduzitzen da era horretan; hots, jabegoak gizartearen produkzioaren jabetze pribatua ahalbidetzen du eta, hala, klase harremanak betikotu egiten dira. Arauak, beraz, zentzugabekeria hau baimentzen du: hainbat familiaren biziraupenaren gainetik jabego eskubidea ezartzen da".

Bestetik, Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu du Olarizuko etxegabetzeek ez diotela "soilik legedi burgesaren ohiko aplikazioari erantzuten": "Masen diziplinamendu eta subjektibazio prozesuan berebiziko garrantzia du. Izan ere, bizi dugun krisi garaian, proletalgoaren bizi-baldintzak okerragotuz doaz eta jende askok zailtasun nabarmenak ditu etxebizitza bat eskuratzeko. Baina diruarekin edo dirurik gabe, pertsona horiek leku bat aurkitu beharko dute eta etxebizitza arloan okupazio espontaneoaren gorakada baten lekuko gara. Hori da pobreziaren hazkundearen eta etxebizitzen superprodukzioaren ondorio logikoa".

"Okupazioaren eta bestelako legez kanpoko biziraupen estrategien hazkundearen aurrean, burgesiari lehentasunezkoa zaio langile klasean kulturalki esku hartzea, batez ere, horren sektore akomodatuenean (egun deskonposizioan dagoena)", gaineratu dute sindikatuko kideek. Modu horretan kokatu dute "errepresioa maila sozialean" ere "zabaltzea", "klase batasunerako joera oro blokeatzeko" eta "klase barneko gorrotoa sustatzeko" saiakera modura.

Hirugarrenik, "politika parlamentarioari" ere egin dio azpimarra Etxebizitza Sindikatuak:
"EAJren Gasteiz mailako lehentasun bat okupazioaren aurkako oldarraldi mediatikoa burutzea da, eskumako sektoreak lasaitzeko eta ezker hegalean kontraesanak sortzeko". "PPk adina gogortasun erakutsi du EAJk, eta argia da ezkerreko alderdiei ezerosoa zaiela okupazioaren aldeko diskurtso irmo bat azaltzea edota idealismoan zein erreformismoan jausten ez diren proposamen politikoak mahaigaineratzea", gaineratu du.

Salatu du, gainera, Olarizuko kasuan ere "setioa" izan dela "bere teknika": "Presentzia polizial itogarria, prozedura judizialak, ur eta argi horniduren etetea, elikadura zerbitzuen murriztea, alternatiba gutxi batzuk eskaintzea aterabide indibidualak gailendu asmoz".

ANTOLAKUNTZA KOMUNISTAREN BEHARRA

Zentzu horretan, sindikatuko kideek ondorioztatu dute Olarizun gertaturikoak "era argi batean erakusten" duela "lehentasunezkoa" dela "antolakuntza komunista hedatzen jarraitzea": "Olarizuko etxegabetzeak basakeria kapitalistaren historian beste pasarte bat dira [...] Militante komuniston konpromisoa, basakeria horrek eragin diezagukeen ondoeza gainditzea eta berau posible egiten duen gizartearen oinarriak guztiz eraldatu ditzakeen indar sozialaren artikulazioan murgiltzean datza. Gaur ere, konpromiso hori berresten dugu". Dei egin du, hala, gaur arratsaldeko protestan parte hartzera.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik