Espetxetik irteteko baimen berezia eman diete kartzelan jarraitzen duten bi gazte altsasuarrei, lanerako edo ikasketetarako

Espainiako Auzitegi Nazionalak bi kasuetarako baino ez die ematen kalera irteteko aukera. Gainontzean, Zaballako espetxean bigarren graduan preso jarraitu beharko dute Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak.
Argazki Nagusia
Argazkia: @Altsasugurasoak
2020ko azaroaren 18a

Lan egiteko edo ikasteko baino ezingo dira irten kartzelatik Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea gazte altsasuarrak. Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu zituen gazteetatik espetxean jarraitzen duten bakarrak dira. 2018tik daude giltzapean, Iruña Okako (Araba) Zaballa presondegian.

Jose Luis Castro epailearen aginduz aplikatu zaie erregimen berezia, Espetxeen Erregelamendua delako araudiko 100.2 artikuluaren bidez, hain zuzen ere. Artikulu horren arabera, "posible da espetxealdia bigarren graduaren baitan arintzea". Izan ere, oraingoz, epaileek ez dute hirugarren gradua emateko borondaterik azaldu. Azken neurri hori onartzeko, bi gazteek espetxean izandako "portaera ona" nabarmendu du epaileak, eta "delitua" beste behin gauzatzeko arriskua, berriz, "txikia" dela dio. Ondorioz, unibertsitateko ikasketak eta soldatapeko lana espetxealdiarekin uztartu beharko dituzte Cobek eta Goikoetxeak.

ZIGORRA

Gaurko egunez, 2020ko azaroaren 18an, 932 egun daramatzate preso Altsasuko (Nafarroa) gazteek. 2018ko ekainaren 1ean ezarri zieten espetxe-zigorra, haiei eta beste sei auzipeturi. "Kalez jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideak jotzea" leporatuta zigortu zituzten. Hori bai, indar errepresiboetako kideen testigantzak gezurtatzen zituzten frogak eta gazteen kontaketa indartzen zuten gainontzeko ebidentziak errefusatu zituen epaimahaiak.

Guardia Zibilak ekainaren 5ean atxilo eraman eta espetxean sartu zituen gazteak. Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdiko espetxealdia ebatzi zuen azkenean, hasiera batean, bederatzi urte ezartzeko asmoa zuten arren.