AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @Ekinklik
2019/06/20 16:23

Iazko udazkenean hasi ziren protestekin Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta barazki enpresako langileak. Kaleratutako lankideak berriz hartzea eta lan-baldintzak hobetzea izan ziren beharginen aldarrikapen nagusiak. 28 borroka egunen ostean, akordioa lortu zuten.

Grebak amaitu eta hilabete batzuen buruan izan zuten langileek beren protesten ondorio errepresiboen berri. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, guztira 17.313 euroko isunak jaso dituzte. Bestalde, gutxienez lau pertsona auzipetu dituzte.

Kartzela zigorrak mahai gainean

Bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak langileetako batentzat. Horretaz gain, Espainiako Estatutik kanporatzeko eskaera ere egin du. Jatorri marokoarreko behargina da; hala, zigor eskaeraren arabera, bost urtez kanporatuko lukete estatutik. Gainera, bere aurkako isun ekonomikoa ere barnebildu du fiskaltzak: 2.500 euro.

LABeko kideak dira beste hiru auzipetuak. 2.880 euroko isuna eskatu du fiskaltzak horietako batentzat, eta uztailaren 2an epaituko dute, Iruñean (Nafarroa). Bestalde, urtebeteko kartzela zigor eskaera egin du beste bi kideentzat.

Mobilizazioak Nafarroan

Horren aurrean, mobilizazioak deitu dituzte datozen egunetarako. Gaur Huerta de Peraltan izan dira protestak, eta ekainaren 28an Tafallako (Nafarroa) epaitegien aurrean elkartuko dira, 19:00etan. Uztailaren 2an, aldiz, manifestazioa egingo dute Iruñean.