"Espetxea etengabeko borroka bat da, zure gizatasuna gogoratzeko eta zure subjektibitatea ez galtzeko borroka, bizitza adierazpen minimo-minimo horretan"

ARTEKA HILABETEKARIA | Hamahiru urte giltzapean, zortzi sasi artean. Zenbaezinak diren atakak, estualdiak eta beldurrak, baina baita arnasak, ortzimugak eta euskarri ederrenen agerpena ere. Kontaezinak diren pausoak; itzalpean, argi azpian, bakarrik, taldean, agindutakoak, askeak. Eta horren guztiaren oinarrian, hori guztia ponpatzen, hautu bat. Erabaki bat, gertaera-kate osoa harilkatzen: militantzia politikoa. Bizi-parentesi bortitzak baldintzatu du Zigor Garro (Orereta, 1975) militantearen bizitza: klandestinitateak eta espetxealdiak.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 14a

PDF euskaraz - PDF gazteleraz

Hasteko, hitz egiguzu Zigorri buruz. Kontaiguzu nola eta zerk bultzatuta ekin zion ibilbide militanteari.

Familia langile batean jaio nintzen 1975an, Franco hil eta lau egunera. Lau anai-arreba gara guztira. Zortzi urte nituela, Ipar Euskal Herrian errefuxiatu zen aita, eta erbestearen bidea hartu genuen guk ere. GAL indarrean zegoen urte horietan, 1984-1988 artean. Bixente Perurena Peru errefuxiatua izan zen, aitak ihes egitean, aterpea eman zion lehen kidea. GALek hil zuen 1984an. Horrek guri erakutsi zigun estatua ez dela gu babesteko egitura bat, gu hiltzeko baizik, eta modu drastikoan aldatu zen nire ibilbide pertsonala.

Ez dut esango erakunde armatu batean militatzea hautu naturala izan zenik. Bi osagai dituen erabakia da: emozionala eta arrazionala. Eta bizipen pertsonalak gogorrak izanik ere hautu pertsonala da: badakizu atxilotu eta torturatu eta hil ere egin zaitzaketela, hiltzeraino irits zaitezkeela… hautu gogorra da. Baina erabaki hori hartu nuen sinetsita gure herriaren askatasuna eskuratzeko bidea zela, eta gure komunitatea babesteko ezinbestekoa zela estatuari biolentziaren monopolioa lehiatzea. Nire ustez, hor baziren bi legitimitate elkarren aurka: Frantziako eta Espainiako Estatuena batetik, eta gure komunitatearena bestetik. Eta nik nire herriaren aldeko hautua egin nuen.

Horrek eraman ninduen klandestinitatera 1998an. 2006an atxilotu ninduen Frantziako Poliziak, beste bi kiderekin batera: Marina Bernado eta Ekaitz Mendizabal. Hamahiru urtez izan naute giltzapean Frantziako espetxeetan, eta orain, etxean nago preso zigorra amaitu bitartean.


Zure kasuan, beraz, ibilbide militantearen eskutik etorri zen klandestinitatea eta, gerora, kartzela. Dena den, noiz eta nola ezagutu zenuen espetxea?Zer nolakoa izan zen aurreneko kontaktua kartzelarekin?

Nik 1987an ezagutu nuen espetxea, aita atxilotzean Espainiako Poliziaren esku utzi zuelako Frantziar Poliziak. Aitari bisitak egitean ezagutu nituen kartzela, eta horren aurretik Polizia ezagutu nuen, etxera sartu eta aita eraman zutenean. Nire gaztaro guztian izan da borrokaren sinbolo bat kartzela, eta uste dut belaunaldi oso batentzako izan dela hala. Espetxea izan da militante politikoek bizi eta jasan behar izan dugun fase bat, borrokatzeak ekartzen zuena, eta guk, borrokaren sinbolo modura ikusten genuen.

Ni 2006ko abenduaren 3an sartu ninduten Paris inguruko Fresnes kartzelan. Oso presondegi zaharra da, handia eta beldurgarria. Divina comedia liburuan bada esaldi bat, “gal itzazue zuen itxaropenak”. Goiburu hura ikusi nuen bertan sartzean. Aldi berean, klandestinitatetik nentorren ni; askatasunaren paroxismoa da sasia, zure arauekin bizi zara. Askatasun totala, ordea, ez da existitzen, beti baikaude jendeari edo egoerei lotuta, beti dauzkagu kateak. Baina askatasun egoeratik gehien hurbiltzen den egoera borroka da, askatasuna borrokan dago. Sasiak dira niretzako horren enkarnazio gordin eta biziena.

Berez, bultzada handiarekin sartu nintzen kartzelara. Sartzen zaren unean zure gorputza kartzelan dago, baina zu ez zaude kartzelan. Nire gorputza lehen egunean ziegan ikusi nuenean kanpoan zegoen nire gogoa, sasitan. Zure gorputza gatibu dago eta zure gogoa paroxismo horretan; kontraste horrek eragiten duen sufrimendua oso bizia da. Gogoa kartzelan izaterainoko denbora tartea oso luzea da, nik urteak behar izan nituen. Hasieran, nire aldartea zen: “Ni ez nauzue giltzapetuko. Nire gogoa ez duzue giltzapetuko. Ni askea izango naiz. Ziega batean egon arren askea izango naiz, eta horma horiek gaindituko ditut, nola edo ahala”.

Orduan, kanpoan duzun guztiarekin harremana etengabe elikatzen saiatzen zara, gutunak bidaltzen, irudikatzen, amesten. Beste alde batetik sartu nintzen ni kartzelara, instituzio modura duen logikari kontrajarritako logika batean.


Nola oroitzen dituzu giltzapean pasatutako egunak? Zer nolakoa da kartzela?

Oso zaharra da Fresneseko kartzela, eta “oso kartzela” egiturari, atmosferari eta arkitekturari dagokionez. Bertako guztiak esaten dizu, oihuka eta modu gordinean, kartzela batean zaudela. Handiak dira galeriak, irekiak; eta azpiko solairutik ikusten dituzu solairu guztiak, patimendu osoa, 800 ate inguru, ziega lerro amaigabeak simetria perfektu batean. Giza-erluntz erraldoia. Leihotik begiratzen ere aurreko eraikina nekusan, leiho lerro amaigabeak, eta haien barnean presoak bere egunerokoan. Latza zen baina baita polita ere, bizi guzti haien kontenplazioa. Konpainia egiten zidaten, beleek bezala. Txorakeria dirudi baina beleek konpainia egin didate kartzelaldi osoan.

Egungo kartzelak aseptikoak dira, gehiago dirudite ospitale edo eskola bat. Badago hor itxurakeria bat, zurikeria bat, ezin eraman dudana. Jasanarazten dizutena gorde nahi balute bezala, ez dezazun argi identifikatu. Presoak telebista du ziegan, ordenagailua, jarduerak. Baldintzak malgutu dituzte, zigorrak luzatzearekin. Humanizatzearen aitzakiaz, gehiago deshumanizatu dute.


Zein da kartzelan indarrean dagoen ordena edota logika eta nola funtzionatzen du bertan martxan dagoen makineria osoak?

Nik uste dut kartzela ikusi behar dela sistema kapitalistaren erreproduzkio miniaturazko bat bezala. Klandestinitatea askatasunaren paroxismoa den modura, sistema kapitalistaren paroxismoa da kartzela. Finean, langile otzanak behar ditu kapitalismoak eta horretarako bitartekoak ditu, eskola batez ere. Eta eskola eta kartzela oso lotuta daude: autoritateari men egin, ordutegiak, planifikazioa, arbitrarietatea, garun garbiketa. Umeak bezatzeko eta langile otzan bilakatzeko instituzioa da eskola. Kartzelaren funtzio soziala eta politikoa, aldiz, behar beste otzandu ez direnak otzantzea da, eta batez ere, mehatxua gorpuztea.

Langile produktibo apala ez izateak eta arauak ez betetzeak ondorio batzuk dituela erakusteko, zigor-sistema bat behar du sistema kapitalistak, ikusgarria eta erreala. Hori guztia ezartzea da kartzelaren funtzioa, ez bergizarteratzea. Gizakiak suntsitzeko egitura erraldoi bat da.

Pertsonak suntsitzea zer da? Pertsonaren subjektibitatea suntsitzea. Subjektibitatea suntsitzeko, subjektibitate hori ukatzetik hasi beharra dago, eta hori da kartzelak egiten duen lehen gauza. Horretarako, zenbaki bat esleitzen dizu, kartzelazainak dituzu eta egiten duten lehen gauza zu biluztea da, eta bigarrena, zu ziega batera “bidaltzea” pakete bat bazina bezala. Korridoreak zeharkatzen hasi eta ziegara iristen zara, eta itxi egiten dute. Une horretatik aurrera biziko duzuna da zure subjektibitatearen ukazio etengabea.

Ez duzu ezertarako eskubiderik; duzun eskubide bakarra itxita egoteko eskubidea da. Kentzen dizutena, batez ere, alteritatea edo bestetasuna da. Alteritatea da gizakia definitzen duena: ni gainontzekoen begiraden arabera naiz, beste pertsonekin egiten ditudan gauzen arabera naiz, besteekin borrokatzen dudanaren arabera naiz. Interakzioa naiz, eta ez banaiz interakzioa, ez naiz ezer. Inguruan aurpegirik ez badut, zer naizen gogorarazten didan eta onartzen duen subjektibitaterik ez badut, apurka-apurka desegiten da nire subjektibitatea.

Espetxea, hortaz, etengabeko borroka bat da, zure gizatasuna gogoratzeko eta zure subjektibitatea ez galtzeko borroka, bizitza adierazpen minimo-minimo horretan. Kartzelaren alderik gogorrena ez dira zigor fisikoak, subjektibitate hori lapurtzea baizik. Gizakia abere sozial bat da, eta bere esparru naturaletik, gizartetik, familiatik atera eta inoren ezleku horretan sartzean, denik eta zigorrik krudelena ezartzen diozu.


Zein mekanismo ditu kartzelak logika hori ezartzeko eta betearazteko?

Gizartean kartzelak jokatzen duen papera zigorra kristalizatzearena da, eta funtzio berdinari erantzuteko baliabideak dituzte espetxean, adibidez, zigor ziegak. Erabat hutsik dauden ziegak dira: iltzatutako altzariak daude, ohe bat, mahai txiki bat, komuna, eta harrikoa. Bertan sartzen zaituzte 10-15 egunez zure buruarekin soilik egon zaitezen; isiltasunak eta bakardadeak jan zaitzaten. Bereziki krudelak eta etsaikorrak dira bertako kartzelazainak, gainera.

Nik maiz ezagutu ditut zigor ziegak, Fresnesen batez ere. Bertan, preso politikoen kolektiboak jarraitzen zuen logika zen kartzela instituzio gisara ukatzea. Gu zigortzeko egitura modura ukatzen genuen, eta orduan, ugariak ziren konfrontazioak. Zigor ziegetara protesta modura joaten ginen gehienetan, guztiok joanez gero kolapsoa sortzen baikenuen. Presio mekanismo eraginkorra zen, bezatzerako arma garrantzitsuena blokeatzen baikenien; hala, zigor ziega guztiak guk betetzen genituenean, ezin zituzten arauak hausten zituzten gainontzeko presoak zigortu.

Kartzelaren eta euskal preso politikoen artean beti egon da oreka moduko bat: gu eskubideak aldarrikatzen (bisitetarako baldintzak, jarduerak, etab.), eta kartzela, aldarrikapenen anomalia hori neutralizatzen saiatzen.

Oso garrantzitsua da ulertzea pertsona bat kartzelan sartzen dutenean bakarrik dagoela eta oso zaurgarria dela, eta nahi dutena egin dezaketela harekin. Arauetara tolesten ez bada, suntsitu egiten dute. Esaterako, haren bizilekutik urrundu dezakete, gure kasuan modu sistematikoan ikusi den modura.

Kontuan izanda preso dauden pertsonen %99 jende txiroa dela, pertsona bat bizilekutik 800 kilometrora urruntzen baduzu, badakizu pertsona horrek ez duela bisitarik izango. Eta bisitak dira gutxieneko sostengua; senideek eta lagunek gogorarazten dizute nor zaren, eta maitatua zarela. Norbaiti hori ukatzen badiozu min handia egiten diozu, eta mekanismo hori barra-barra erabiltzen da, preso matxinoak zigortu eta besteei eredua erakusteko.


Subjektibitatearen ukazio bortitz eta sistematiko horretan, zer nolako harremanak eraikitzen dira espetxean preso dauden pertsonen artean?

Argi esango dut: kartzela ez da lagunak egiteko toki bat. Izanik sistema kapitalistaren paroxismoa, hor bultzatzen eta saritzen dena indibidualismoa da. Gizarte indibidualistan elkarren aurkari bilakatzen gaitu sistemak, eta gauza bera gertatzen da kartzelan. Esaterako, ondokoa salatzea saritzen da espetxean, eta salatariz josita daude presondegiak. Hori ere bada kartzela: ezin diozu inori konfiantzan ezer kontatu.

Dena den, presoen artean elkartasuna errealitate bat dela ere egia da; sistema kapitalistaren baitan existitzen den modura. Gizakiak dauden tokian elkartasuna dagoelako, eta atakarik zailenetan, gizakia gai delako gauzarik txarrenak zein gauzarik onenak egiteko. Nik elkartasun hori ezagutu dut kartzelan, eta ez soilik preso politikoen kolektiboko kideekin; preso sozialekin ere bai. Esaterako, gertatu da gu zigor ziegetara joan eta preso sozial bat gurekin etortzea, elkartasuna adierazteko edo protesta zilegi eta beharrezko ikusten zuelako.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kasuan, kartzeletan hainbeste kide egoteak egiten duena da espetxean sartzean kolektibo bat izatea, babesa edukitzea. Beraz, esango nuke nik ez dudala ezagutu zer den kartzela. Ez dakit zer den kartzela, ez dakidalako zer den kartzelan bakarrik egotea. Beti egon naiz kidez inguratuta.

Modu horretan, kartzelak ezin du zurekin nahi duena egin, ez zaudelako bakarrik, eta talde osoari egin behar diotelako aurre. Hori da anomaliarik handiena. Preso politikoak elkartzen ditu ideal batek, filosofia batek; preso horiek etika batean elkartzen dira. Eta hori oso eredu arriskutsua da kartzelan. Izan ere, gainontzeko presoek ere ikusten dute elkartuz gero, ezin dutela zurekin nahi dutena egin. Elkartasun horrek gogorarazten dizu etengabe zer zaren; gogorarazten dizu militante politikoa zarela, indarra daukazula, baloreak dauzkazula, etika eta filosofia jakin bat, hor zaudela borrokalaria zarelako eta borroka hori dela zure izatearen elementu oso garrantzitsu bat, zure identitatearen osagai funtsezko bat. Eta zure izate borrokalaria egunero esperimentatu eta praktikatu dezakezu, eta egiten duzu. Eta horrek mantentzen du zure subjektibitatea, borrokaren praktikak.


Gaur egun, zure etxean ari zara ezarritako espetxe zigorra betetzen.

Egun ere preso jarraitzen dut, baina etxean. Bistan denez, ez da gauza bera; finean, kartzelan egotea ez baita soilik toki batean itxita egotea. Zu zure etxeko komunean giltzapetzen bazara ez zaude preso. Hortaz, preso jarraitzen dut nolabait, baina ez nago preso. Hori esatea espetxean preso daudenak iraintzea litzateke. Eurek bizirauten jarraitzen dute, borroka batean, sufrimendu batean. Ni ordea bizitzen ari naiz, nire ingurua berreskuratu dut, familia, lagun zahar eta berriak, katuak, itsasoa, espazio irekiak. Esnatu eta aukera profusio batean aurrean aurkitzen naiz, ez dakit zer datorkidan. Kartzelan bai, egunero dakizu zer gertatuko den. Ez dago ezustekorik. Bizi zara bizi-parentesi moduko batean.

Jendea egunero ikusten dut nik. Ez dakigu gizakiari nondik datorkion bizitzeko bultzada, baina nire teoria da bizitzeko grina beste gizakietatik datorkigula, loturetatik. Kartzelan lotura horiek hain dira urriak, zimeldu egiten zarela, zuhaitzari ura eta eguzkia ukatuta zimeltzen den modu berean.


Sarri hitz egiten da espetxe politika jakin baten zitalkeriaz, egungo espetxe politika aldatzeko aldarriz blaituta. Kartzela, baina, eraldatu daiteke? Edo abolizioaz hitz egin behar genuke?

Kartzela abolitu egin behar da, inolako zalantzarik gabe. Kartzelak ez dauka inolako zentzu “positiborik”, sistema kapitalistaren kristalizazio hutsa da. Sistemaren baloreen eroalea da eta eraitsi egin behar da sistemarekin batera. Ez dugu suntsituko kartzela sistema suntsitu gabe, hori agerikoa da.