Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du lau preso politiko lehen graduan mantentzea

Kartzelen ebazpenei "erregresioa" ezarri eta bigarren graduan sartzea galarazi diete Zigor Orbe, Ainhoa Barbarin, Francisco Jose Ramada eta Asier Rodriguez preso politikoei, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala aginduta. Orberen kasuan, fiskaltzaren helegitea onartu eta lehen graduan mantentzea erabakitzen duten bigarren aldia da, zazpi hilabetean.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 12a

Lehen graduan jarraitu beharko dute Zigor Orbe, Ainhoa Barbarin, Francisco Jose Ramada eta Asier Rodriguez preso politikoek, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Espetxeek ebatzitakoaren kontrara, beraz, "erregresioa" ezarri eta bigarren graduan sartzea ukatu die auzitegiak.

Orbe basauriarraren kasuan, fiskaltzak jarritako helegitea onartuta, aurreneko graduan mantentzea erabakitzen duen bigarren aldia da zazpi hilabetean. Hamazazpi urteko zigorraren barruan, hamabi egin ditu erregimen itxian.

Andaluziako Puerto I espetxean dute preso. Barbarin, aldiz, Herrialde Katalanetako Picassenten dago giltzapetuta, eta Ramada, Murtzia I kartzelan. Rodriguezi dagokionean, Alboloten dute atxilo.

Etxerat elkarteak salatu du "ibilbide juridiko-penitentziarioa egin nahi duten presoak oztopoekin aurkitzen direla behin eta berriz". Espainiako Auzitegi Nazionalak, kartzelako tratamendu batzordeak zein Espetxe Zaintzako epailea dira "eragozpen" horiek jartzen dituztenak, Etxerat-en esanetan.