Ertzaintzaren kargak eta manifestari ikertuak Sestaon eta Irunen, Voxen aurkako protestetan

Pasa den asteburuan Sestaon eta Irunen izan dira Voxen agerraldiak. Ehunka pertsona batu dira mitinen aurkako protestetan, eta manifestarien aurka gogor egin du Poliziak. Sestaoko gertakarien harira hiru pertsona ikertzen ari dira ertzainak, eta Irunen, bi laguni espedientea ireki eta pertsona bat ikerketapean jarri dute.
Argazki Nagusia
Protesta Sestaon. Argazkia: Sare Antifaxista
2020ko ekainaren 29a

Aurreko ostiralean, hilak 26, Voxek kanpaina ekitaldia egin zuen Sestaoko (Bizkaia) San Pedro plazan. Ehunka pertsona bildu ziren, oihu artean, alderdi faxistaren aurka protesta egiteko. Plaza inguratzen duen errepidea hartu zuen Poliziak, eta Voxen agerraldia amaitu zenean, manifestarien aurka oldartu ziren ertzainak. Kalean barrikadak egin zituzten protestan elkartutakoek, eta alderdiko kideek nahiz mitina ikustera bertaratutakoek ezin izan zuten bertatik atera.

Gertakarien harira, hiru pertsona ikertzen ari da Ertzaintza. Antza, hauteskunde ekitaldi batean ordena publikoa asaldatzea egotzi diezaiekete. Gainera, ez dute baztertu ikertu gehiago egotea.

Kargak Irunen ere

Hurrengo egunean, hilak 27, Irungo (Gipuzkoa) Prio XXII plazan izan zuen mitina Voxek. Ertzaintzak debekatu egin zuen agerraldiaren aurkako protesta deialdia, eta polizia ugarik itxi zituzten plazarako sarbideak. Dena den, hainbat pertsona bertaratu ziren inguruetan protesta egitera, eta zenbait pertsonak edukiontziak gurutzatu zituzten Luis Mariano eta Pikoketa kaleetan. Sestaon gertatu bezala, manifestarien aurka oldartu ziren ertzainak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi pertsonari ireki die espedientea Ertzaintzak, ordena publikoa asaldatzea leporatuta. Bestalde, ikerketapean dago hirugarren lagun bat, desordena publikoen delitua egozten baitiote.

Atzo, hilak 28, La Guardian (Araba) egin zuen agerraldia Voxek. Aurreko asteburuan, aldiz, Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan eta Donostian (Gipuzkoa) izan zituzten ekitaldiak. Orduan ere protestan egon ziren ehunka pertsona.