Ertzaintzak Bidasoako GKSko bi kide identifikatu eta jazarri dituela salatu dute

Hondarribiko (Gipuzkoa) San Pedro kalean kartelak jartzen ari zirela jazarri zituzten Bidasoako GKSko bi kide; paretaren aurka jartzera behartu, identifikatu eta militanteen material guztia ikuskatu zuten polizia-agenteek.
Argazki Nagusia
GKSren pankarta bat Irunen. Argazkia: Bidasoako GKS
2021eko otsailaren 9a

Joan den larunbatean, Bidasoako Gazte Koordinadora Sozialistako bi kideren aurka egin zuen Ertzaintzak Hondarribian (Gipuzkoa), kartelak jartzen ari zirela. Adierazi dutenez, bi ertzain auto hurbildu ziren haiengana San Pedro kalean, eta polizia-agenteek hormaren aurka jartzeko agindu zieten bi militanteei. Ondoren, identifikatu egin zituzten, eta bi kideek zeramaten material guztia ikuskatu zuten ertzainek.

Eraso horrekin Ertzaintzak "politika egiteko askatasunaren aurka" egin duela adierazi du Bidasoako GKSk, eta identifikatzeko eta miatzeko arrazoi bakarra bi kideen militante politiko izaera izan dela salatu dute. Horren aurrean, antolakuntzaren beharra azpimarratu dute, eta otsailaren 13an GKSk Irunen (Gipuzkoa) egingo duen elkarretaratzean parte hartzera dei egin dute, "oligarkia internazionalak pandemiari emandako aterabide poliziala eta osasun-hondamendia" salatzeko.