AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ecuador Etxea
2019/12/05 14:51

Duela egun gutxi, 56 urteko langile bat izan zen eraila Euskal Herrian. Etxeko lanetan jarduten zuen soldatapean, barne-behargin modura. Lanaldian zegoela, "ondo ezik" sentitu zen, eta ospitalera mugitu zen. Egun gutxira zendu zen.

Gaur, abenduak 5, protesta izan da Eusko Jaurlaritzaren Bilboko (Bizkaia) egoitzaren atarian, erailketa salatzeko. Gehiengo sindikalak egin du deialdia, Barne-lanak hiltzen du (El trabajo interno mata) lelopean.

Etxeko behargin honen hilketarekin, gutxienez, 39ra igo da aurten Euskal Herrian erailak izan diren langileen kopurua. LAB sindikatuak jasotako datuen arabera, gutxienez 44 dira hildakoak.

Etxeko eta zaintza lanen arloa, jopuntuan

Mobilizazioetan murgilduta daude etxeko eta zaintza lanetan soldatapean aritzen diren langileak. Esaterako, azaroa erdialdean protesta egin zuten Gasteizko (Araba) Legebiltzarraren aurrean, jasaten dituzten lan baldintzak salatzeko. Besteak beste, azaldu zuten haien lanpostuetan ez direla betetzen Gizarte Segurantzak ezarritako baldintza guztiak; baita gutxieneko soldataren azpitik irabazten dutela ere.

Borrokaldiak mahaira atera ditu sektorean gailentzen diren errealitate gordinak: emakumeak dira langileen %95, eta %98, migratzaileak dira. Ecuador Etxea-k jakinarazi duenez, EAEn gora egin du etxeko lanetara bideratutako enpleguak, eta kasu gehienetan, barne-langile modura jarduteko kontratuak izan ohi dira. Hala, lanean ariko diren etxebizitza berean bizi dira beharginak; ia-ia eguneko 24 orduetan lana egiteko moduan.

Hala, jasan behar izaten dituzten baldintzen artean, honakoak nabarmendu dituzte: atsedenerako eskubidearen urraketa, soldata baxuak, lanaldi amaigabeak, ezkutuan geratzen diren baldintza irregularrak, kontratu iruzurtiak, eta abar.