Epaitegietara deitu dituzte Zizurkilgo Gaztetxeko bi kide usurpazio delituak egotzita

Epaiketa irailaren 24ean izango da. "Usurpazio delitu arinengatik" epaituko dituzte Kaxilda Gaztetxeko kideetako bi.
Argazki Nagusia
Asanbladako kideak Kaxilda Gaztetxean (Argazkia: Aiztondoko Gazte Asanblada)
2019ko maiatzaren 20a

Aiztondoko Gazte Asanbladak sare sozialetan jakinarazi duenez, irailaren 24ean epaituko dituzte Zizurkilgo Kaxilda Gaztetxeko bi kide. "Usurpazio delitu arinak egitea" egozten diete biei ere.

Irailean abiatu zuen Aiztondoko Gazte Asanbladak Kaxilda Gaztetxearen okupazioarekin amaituko zen prozesua. Gazte Asanbladak "truke baliotik at" kokatuko den harreman eredua eta "potentzialitate militantea" sustatzeko gaztetxe baten beharra azpimarratu zuen. Hala, apirilaren 19an Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek Kaxilda Gaztetxea okupatu zuten. Egun bat beranduago Ertzaintza gaztetxearen atarira agertu eta guztiak identifikatzeko mehatxua egin zuen, desalojo agindurik ez bazegoen ere. Azkenean, Ertzaintzak asanbladako bi kide identifikatu zituen.