Emakume bati eraso egin dio gizonezko batek, Lezon

Atzo iluntzean gertatu zen erasoa, emakume bat eta haren bikotekide ohia autoan zihoazela. Lezo parean, eztabaida betean ari zirela, gizonezkoak bolantea heldu eta kontrako noranzkora mugitu zuen autoa. Emakumeak ibilgailua gelditzea lortu bazuen ere, autoko giltzak kendu zizkion gizonezkoak, eta eraso egin zion.
Argazki Nagusia
Argazkia: Oarsoaldeako Hitza
2020ko maiatzaren 26a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezko batek eraso egin zion emakume bati atzo iluntzean. Emakumea auto bat gidatzen ari zenean, barrura sartu zen haren bikotekide ohia. Eztabaidan hasi ziren ibilgailuaren barruan, eta martxan zeudela, Lezo (Gipuzkoa) parean, gizonezkoak bolantea heldu eta kontrako norabidera mugitu zuen autoa. Hala, istripua izateko arriskuan egon ziren.

Ibilgailua gelditzea lortu zuen emakumeak, baina autoko giltzak kendu zizkion bikotekide ohiak, eta eraso egin zion. Polizia indarrak agertu zirenean, atxilo eraman zuten erasotzailea.